GARA
BILBO

48 bertsolari Bizkaiko Bertsolari Gazteen 27. BBK Lehiaketan

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Lehiaketaren 27. edizioak 48 parte hartzaile izango ditu, eta final handia Bilboko BBK aretoan izango da, apirilaren 3an. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza atalaren laguntza izan du BKK-k lehiaketaren antolaketan.

Ixone Zubieta BBK-ko bozeramaileak, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza arloko arduradunak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta Onintza Enbeita Bizkaiko egungo txapeldunak aurkeztu zuten lehiaketa atzo, Bilbon.

Azaldu zutenaren arabera, aurreko edizioen moduan, lehiaketa taldekako formatuan egingo da eta, guztira, zortzi taldek hartuko dute parte, bakoitza seina bertsolarirekin, eta Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe Kosta eskualdeen ordezkariak izango dira.

Saioak

Txapelketan lau sailkapen saio egingo dira: Mungian egingo da lehena martxoaren 13an, Igorrek hartuko du bigarrena martxoaren 14an, Zallak martxoaren 20an, eta Markina-Xemeinen jokatuko da laugarren eta azkena, martxoaren 21ean. Finalaurrekoak Deustun eta Sopelan izango dira, martxoaren 27an eta 28an, hurrenez hurren, eta final handia apirilaren 3an, Bilboko BBK aretoan.

Lehiaketaren indarguneetako bat bertsolari gazteenei ematen dien aukera izaten da, beren buruari proba jarri eta erronka egiteko. Nabarmendu zutenez, kulturari eta bereziki euskal kulturaren eta euskararen tradiziozko adierazpenak bultzatzeko diren ekimenei laguntzeko asmoa dago lehiaketaren atzean.