Ariane KAMIO

Zientzia fikzioa generoaren ikuspuntutik

Zientzia fikziozko eta fantasiazko telesailak generoaren ikuspuntutik aztertu dituzte Irati Jimenez, Itziar Ziga, Maria Castejon eta Rebeca Suarezek «SCI-FEM. Variaciones feministas sobre teleseries de ciencia ficción» liburuan. Txalapartak argitaratu zituen «Telezailak» eta «Vírgenes catódicas, putas recalcitrantes» aleen ondotik dator saiakera konpartitu hau.

Mikel Soto oraindik Txalapartako editore zela sortu zen feminismoari zientzia fikzioaren bitartez begiratzeko asmoa. “Telezailak” (2011) euskarazko lan kolektiboa argitaratu zen lehenengo, telesailen fenomeno prestigiotsu eta arrakastatsua abian zenean. Lan horrekin hasitako bideak jarraipena izan zuen ondoren, kasuan gaztelaniazko “Vírgenes catódicas, putas recalcitrantes” (2015) bigarren saiakera kolektiboarekin, telesailak generoaren ikuspuntutik begiratzen hasteko asmoak batuta.

2011n urratzen hasitako bide hartako hirugarren alea da orain argitaratu dena, “SCI-FEM. Variaciones feministas sobre teleseries de ciencia ficción”, Irati Jimenez, Itziar Ziga, Maria Castejon eta Rebeca Suarezen parte hartzearekin. Jimenezek eta Zigak bazuten aurreko liburuko eskarmentua, eta proiektu honetan Castejon (“Pikara Magazine”) eta Suarez (kazetari eta ikus-entzunezkoetan aditua) batu zaizkie.

Beste era bateko narrazioak

Aztertzen diren zientzia fikziozko eta fantastikoaren alorreko telesailek denboran zeharreko ikuspegi zabala jasotzeko aukera ematen dute. Tartean dira oraindik emititzen ari diren “Game of Thrones” eta “Supergirl” edo telesailen fenomenoa abiarazi zuen “Star Trek”, beste askoren artean.

«Frogatu nahi izan dut beti izan dela genero hau bai telebistan bai zineman agertu denean leku bat oso zabala, oso irekia, beste era bateko narrazioak sortzeko. Azken batean, fantasian, zientzia fikzioan, askotan errealitatearen alternatibak eta errealitatearen subertsioak proposatzen dira», azaldu du Jimenezek. Eta, bere iritziz, errealitatearen suspentsio horretan askotan sortu izan dira «oso proposamen interesgarriak, baita generoaren ikuspegitik ere».

“Star Trek” izan da Jimenezen saiakerako abiapuntua, hark ekarri baitzuen gaur ezagutzen den fan fenomenoaren hasiera. Orduan hasi ziren konbentzioak, zaleen arteko bilerak, eta hasi ziren, halaber, telesailei buruz zaleek berek idatzitako narrazioak zabaltzen.

«Narrazio horietan agertzen da oso hasieratik ‘Star Trek’-i lotuta subertsio oso maila handi bat genero ikuspuntutik ere bai. Pertsonaien orientazio sexualetan oinarrituta proposatu izan ziren era desberdinetako bikoteak eta harreman sexualak. Hortik abiatu nahi nuen gaur egun emititzen ari diren telesailetaraino».

Feminismoak bizi duen goraldian oso boladan dago, Jimenezen aburuz, bizi garen gizartearen diagnosia egin eta injustiziak seinalatzea. «Eta ezinbestekoa da aldaketa bermatzeko». Baina telesailen azterketak ohartarazten du ere «zenbaterainoko toxikotasun patriarkala dagoen hainbat narraziotan». Eta hori egitea ere ezinbestekoa dela deritzo.

Nolanahi izan, gauzak aldatzearen norabidean direla uste du idazleak, «narrazio berri asko sortzen ari baitira, ez bakarrik askotan uste den bezala leku alternatiboetatik edo periferikoetatik edo militanteetatik, baizik narrazio popularretan, super heroien pelikuletan, arrakasta izugarria daukaten telesailetan». Super heroien filmak, non protagonista nagusiaren konfliktoa ez den bakarrik aitarekin daukana; telesailak, non indarkeria sexuala ez den berezkotzat ematen, edo terrorea dagoenean ez den emakumeen kontrako terrore sexual hutsa izaten.

«Era askotako narrazioak sortzen ari dira gure begien aurrean eta proposatzen dizkiguten aldaketak narrazio tradizionalekiko ikusaraztea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Narrazio patriarkalak, telebistan eta zineman erabili izan direnak, dagoeneko agortuak daude. Eta orain sortzen ari dira sortzaileentzat aukera oso politak genero ikuspuntu honetatik begiratzerakoan, alde batetik balio digulako gustatzen zaizkigun gauzak seinalatzeko, baina baita ere egin ditzakegun gauza askoren bideak zabaltzeko», ohartarazi du idazle bizkaitarrak.