2019/07/17

Tourreko Pirinioetako eta Alpeetako etapak zuzenean, NAIZ Irratian

Atzoko atseden egunaren ostean mendiak hartuko du protagonismoa Tourraren bigarren erdi honetan eta NAIZ Irratiak zuzeneko emankizuna egingo du egunero. Ostegunetik aurrera munduko txirrindularitza lasterketa garrantzitsuena jarraitu ahalko da uhinetan. Baita pantaila erraldoian, NAIZek Donostiako Kursaal parean duen gunean.

Ion T. BARRENA|DONOSTIA
0717_p06-tourra

Zirt ala zart egiteko unea iritsi da Tourrean eta NAIZ Irratiak ostegunetik aurrera zuzenean eskainiko ditu etapa amaierak. Astearteko atseden egunaren ostean, osteguneko Pirinioetako lehen etaparekin ekingo die irratiak emankizun bereziei.

Iñigo Asensio izango da saioaren gidaria, eskarmentu handiko kirol kazetaria eta, besteak beste, Itzuliaren esatari ofizial lanetan aritutakoa. Tourreko ibilbidetik zuzenean Joseba Iturria kazetaria izango du lagun eta setean kolaboratzaile sare zabala. Talde aldakorra izango da egunez egun eta bertan izango dira: besteak beste, Leire Olaberria, Ainhoa Artolazabal eta Asier Maeztu txirrindulari ohiak; Iñaki Arratibel kirol mediku ezaguna, iaz arte Caja Ruraleko zuzendari lanetan aritu den Eugenio Goikoetxea eta Jon Lasa. Gainera, beste hainbat gonbidatu berezi ere espero dira emankizun berezi honetan; Haimar Zubeldia, Ane Santesteban eta Jon Odriozola, tartean.

15.30ean hasiko da zuzeneko emankizuna ostegun honetatik aurrera. FMz NAIZ Irratiaren frekuentzietan jarraitu ahalko da, sarean ere bai, noski, eta nahi duen orok zuzenean ere ikusi ahalko du emankizuna. Set nagusia NAIZek Donostiako Kursaal parean duen gunean atondu da, pantaila erraldoiaren bidez zuzenean ikusi ahalko da lasterketa, irratsaioa bertatik bertara jarraitzen den bitartean. NAIZ eta GARAren irakurleei eta irratiaren entzuleei bertaratzeko deia egin diete irratiko lantaldetik.

Bertan egon ezean norbere ekarpenak, kezkak, galderak edo iruzkinak egiteko bideak ere jarriko ditu irratiak. Bere sare sozialen bidez egin daitezke eta baita Whatsapp edo Telegram bidez mezuak helarazita ere (+34 650 60 01 19 da zenbakia).

Etapa erabakigarriak

Astearteko atsedenaren ostean Pirinioak eta Alpeak datoz, bata bestearen atzetik 2019ko Tourreko edizio honetan. NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko duen lehen etapa amaiera Okzitaniako Tolosa eta Bagneres-de-Bigorre artekoa izango da. 202 kilometro eta tartean Peyresourde eta Hourquette d'Ancizan igoko dituzte txirrindulariek. Saioa gidatuko duen Iñigo Asensioren ustez, «ez da etaparik gogorrena, baina dagoeneko tentsioak sortzen hasiko dira».

Atseden egunera Mikel Landa eta beste hainbat izen garrantzitsuk izandako denbora galerarekin iritsi gara, «albiste txarra euskal zaleontzat», Asensioren iritziz, «baina ikuskizuna bermatuko du». Bigorrara bidean urruneko erasoak egon daitezkeela uste du, «gogoz gainezka daudelako txirrindulari asko».

Ostiralekoa Paueko erlojuaren aurkakoa izango da eta larunbatean etapa motz baina oso gogorra espero da. 117 kilometro eta Tourmalet mitikoan amaiera. «Tourmaleten handitasuna», gogoratu du Asensiok, «Pirinioetako etaparik erabakigarriena izango da eta gainera, euskal zale gehienek ere leku hori hautatuko dute Tourra bertatik bertara ikusteko».

Astelehenean izango da Tour honetako bigarren atseden eguna, aurrez beste etapa gogor bat pasa ostean, 185 kilometro Limoux eta Foix artean, Prat d'Albis gainean amaituko da etapa.

Asteartean esprinterren neurrira egokitutako etapa izango da Nîmes-en eta asteazkenean Alpeetara bidean jarriko dira txirrindulariak. Gapen amaituko da azken hau eta bertan «ikuskizun pixka bat» egon daitekeela uste du Asensiok.

Emozioa, azken eguna arte

Ostegunetik aurrera lehiatuko dira Alpeetako hiru etapak. Mendia izango da protagonista eta emozioak azken unera arte iraungo du. «Azken-aurreko etapa 130 kilometro dira, lehen eta bigarren mailako mendate bana igota iritsiko dira txirrindulariak Val Thorenseko helmugara, igoera luze eta gogorra». Asensioren ustez, ondorioz, «Parisko etaparen bezpera arte ezingo da esan nor den aurtengo Tourreko garailea».