GARA
BILBO

Euskal literatura eta arte eszenikoak, Edinburgoko udan

Euskal artista, konpainia eta idazleak izango dira udan zehar Eskozian, #ScotlandGoesBasque programaren baitan. Bi jaialditan izango dira; batetik, arte eszenikoetan garrantzi handiko Fringe jaialdian eta, bestetik, Edinburgoko International Book Festival-en.

gara-2019-07-17-Noticia

#ScotlandGoesBasque programa baliatuta, Etxepare Euskal Institutuak euskal sortzaileen talentua Eskozian ezagutarazten dihardu aurten: neguan musika eta udaberrian zinema izan dituzte hizpide euskal artistek eta udan, aldiz, arte eszenikoak eta literatura landuko dituzte. Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdiak izango dira #ScotlandGoesBasque egitasmoaren mugarri berria.

Abuztuan zehar, arte eszenikoen munduko topagune garrantzitsuena, Fringe, erakusleiho aparta izango da euskal sortzaile eta interpreteentzat:  Krego-Martin Danzak, Akira Yoshidak eta HQPCk elkarrekin aurkeztuko dituzte lanak Dance Basen izango den Basque Showcase delakoan; 2Theatre konpainia Assembly Roomsen jardungo da eta Edinburgoko kaleetan ikusgai izango dira Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna eta, estreinakoz, “Atlantik 1050” euskal zein eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna.

1947. urtetik egiten da Eskoziako hiriburuan uda partean Edinburgh Fringe Festival, munduko zuzeneko ikuskizunen jaialdi garrantzitsuena. Sortu zenetik, arauei desafio egitea du erronka nagusia eta ordutik gaurdaino etengabe garatu da kultur eta arteen inguruko munduko ekitaldi handiena bihurtzeraino. Urtero, abuztuko hiru astetan zehar, Eskoziako hiriburua askotariko arte adierazpenen bidezko ikuskizunen bilgune bihurtzen da: antzerkia, dantza, zirkua, kabareta, haur eta familientzako ikuskizunak, musikalak, opera, poesia mintzatua, erakusketak... Fringe jaialdiaren aniztasunak ez du mugarik, eta nazioarte mailako izen handienekin batera, beraien ibilbidearen hastapenetan dauden artistak biltzen dira Edinburgon, bertako zein mundu osoko ikus-entzuleen aurrean jarduteko; ikus-entzule horien artean izaten dira, halaber, herrialde askotako programatzaile zein kritikariak eta hori dela-eta artisten lana zabaltzeko plataforma ezin hobea da Fringe jaialdia.

Letrak

Literaturarekin zita abuztuaren 10etik 18ra izango da Book Festival jaialdian; bertan jardungo firen euskal idazleak Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte dira; eta horiekin batera Eskoziako hiriburuan izango dira Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak.

1983. urtean sortu zen Edinburgh International Book Festival jaialdia, eta hamarkada hauetan letren arloko munduko jaialdirik handi eta dinamikoenetarikoa bilakatu da: abiatu zenean 30 topaketa egin ziren idazleekin; gaur egun, aldiz, 800 ekitalditik gora izaten dira, adin orori zuzendutakoak eta 200.000 pertsona biltzen dituztenak hiriko erdiguneko Charlotte Square Gardens lorategietan eta horien inguruan, George Street kalean.