GARA
MUNGIA

Langile bat hil da Mungian, orga jasotzailean harrapatuta geratu ondotik

Mungian dagoen Lamincer enpresako behargin bat hil zen atzo arratsaldean, lanean ari zela. Sindikatuek jakinarazi zutenez, orga jasotzailean harrapatuta geratu zen Sukarrietako bizilaguna. Lan istripuaren nondik norakoak ikertzen dabiltza.

Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez, 12.40 aldera abisua jaso zuten larrialdi zerbitzuetan, Lamincer enpresan langile batek ezbeharra izan zuela esanez. Bertara hurbildu ziren Ertzaintza, Udaltzaingoa, anbulantzia eta Osakidetzako helikopteroa. Azkenean, 14.20 aldera, haren heriotza baieztatu zuten bertan zeuden erizainek.

LABeko iturriek zehaztu zuten 57 urteko langilea (P.T.R.) Sukarrietako bizilaguna zela eta Thyssenkrupp Materials Processing Lamincer enpresaren lantaldean zegoela.

Enpresa batzordeak bilera egin zuen atzo arratsaldean, eta astelehenean 24 orduko lanuztea egitea erabaki zuten. Egunean bertan, 10.30etik 11.30era bitartean elkarretaratzea egingo dute enpresa atarian.

Anoetako protesta

Gehiengo sindikala, bestalde, Donostiako Anoeta futbol estadioaren parean mobilizatu zen atzo, asteazkenean gertatu zen lan istripua gaitzesteko asmoarekin. Anoeta estadioaren berrikuntza lanetan ari direnen lan baldintza «eskasak» nabarmendu zituzten ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek.

“Istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea” pankartaren atzean elkarretaratu ziren dozenaka lagun.

ELAko eta LABeko ordezkariek jakinarazi zuten «arriskutik kanpo» dagoela istripua eduki zuen langilea, asteazken gauean ebakuntza izan ondotik.

Egitura metalikoan lanean zebilen, eta hau erortzean, 20 metroko altueratik jausi zen 51 urteko langile valentziarra. Toraxean eta buruan kolpe gogorrak jasan zituen eta oinean «zauri larriak» egin zituen.