2019/09/12

Lander Garro
Idazlea
Berandu baino lehen

Etxe zahar bat da, austeroa, funtzionala. Iparraldeko erakunde askoren egoitzen antza dauka: dena dago zerbaitegatik eta zerbaitetarako. Urduri nago, nahiz eta mila aldiz errepikatu didaten oso jende jatorra dela Lanetik Egina elkarteko jendea, Hendaian musika irakasteaz arduratzen den erakunde xelebrekoa. Bai, bada musika eskola «munizipala», baina nik egin nahi nukeena egiteko moduko ikastaroak hemen hartzen dira. Harrera moduko batera ailegatu naiz, mahai bat bazter batean, beste mahai bat han puntan, mostradore moduko bat hutsik, eta hamar bat lagun han eta hemen hizketan. Hormara itsatsiak hiru zerrenda: “Chant”, “Piano” eta “Guitar”. Azkena da nirea. Nire aurretik bi familia daude, lehenean semea eta ama, bigarrenean neskatila eta amona. Ilaran jarri naiz. Adineko andrea itzuli eta jator galdetu dit, ea semea edo alaba, nor inskribatzera natorren. Nik, herabe: «Moi-même, madame». Txikitako ametsa betetzeko inoiz ez da berandu. Akaso izango naiz ikasle zaharrena. Berdin dio. Bihar ez, baina inoiz nire gitarra eta neu bat izango gara. Ateraldi edo ekitaldi guztietan, hantxe izango naiz, kantu zaharren kaiera besapean, herriko kantari pelma guztien pare. «Ez! Badator!», xuxurlatuko duzue. Terrorismo musikala egingo dut, badakit. Ez iezadazue esan, ordea, abisatuta ez zeundetenik. Estali belarriak, banoa eta!