Maider IANTZI
DONOSTIA

Lakuak eta Berria Taldeak ituna sinatu dute, egunkaria indartzeko

Lortutako hitzarmenean, «Berria»-k egunero kalitatezko edukiak eskaintzeko konpromisoa berretsi du, «euskal gizartean dagoen aniztasuna» bermatuz. Lakuak, berriz, 2.320.000 euro jarriko ditu 2019, 2020 eta 2021 urteetan; orotara 6.960.000 euro. Hala, dirulaguntza bidezko estaldura %30era helduko da.

Bi urteko elkarlan prozesu baten emaitza gisa, hiru urtetarako dirulaguntza eredu berri bat adostu dute Lakuako Gobernuak, bertze erakundeek eta hedabideek. Eredu hori bi alderditan banatzen dela azaldu zuen atzo aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Batetik, Lakuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak itun bat plazaratu zuten martxoan, euskarazko hedabideen jarduerari laguntzeko. Akordio horrek erakunde bakoitzak babestuko dituen hedabideak zehazten ditu: aldundiek, lurraldeetako idatzizko hedabideak; Lakuak, izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak zein lurraldeetako telebista, irrati eta interneteko proiektuak.

Bertzetik, martxoan iragarri bezala, Lakuak eta Berria Taldeak lankidetza hitzarmen bat adostu dute. Hain zuzen, azken honen berri eman zuten atzoko ekitaldian, Lakuak Donostian duen egoitzan. Han izan ziren, Zupiriaz gain, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea; Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendaria; Martxelo Otamendi “Berria”-ko zuzendaria; Beatriz Zabalondo Berria Taldeko presidentea eta Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria.

Lautik batek euskara erabili

Zupiriak euskarazko hedabideen funtzioa azpimarratu zuen, publiko zein pribatuena. «Oso garrantzitsuak dira edukiak, horien sorkuntza estrategikoa da, paperean eta, are gehiago, eduki digitaletan», erran zuen.

Datu batzuk eman zituen: hamar euskal herritarretatik zortzik Internet erabiltzen dute, zenbat eta gazteago orduan eta gehiago. Lautik hiruk informazioa bilatzeko eta kontsumitzeko baliatzen dute eta lautik batek euskara erabiltzen du. «Kopuru hori handitzeko inportantea da edukiak sortzea eta horretarako baliabideak jartzea». Bide horretan, “Berria”-k «ekarpen handia egiten dio euskararen eta euskaldunen komunitateari eta ekarpen hori indartsuagoa izan dadin» sinatu dute ituna.

Bideragarritasun ekonomikoa

Aldanondok agertu zuen «inoizko finantziazio publiko handiena» ekarri diola hitzarmenak “Berria”-ri, aurrekontuaren %30ekoa. Baina «abiapuntua da hau. Dena dugu egiteko», erantsi zuen. «Hiru urteko hitzarmen gehiago espero ditugu».

Itunari esker lantaldearen baldintzak hobetu dituztela jakinarazi zuen; bertzeak bertze, soldatak igo dituzte.

Hitzarmenaren arabera, Berria Taldeak egunero kalitatezko eduki interesgarri eta erakargarriak zabaltzeko konpromisoa izanen du. Halaber, honako helburuak bete beharko ditu hurrengo hiru urteetan: irakurle kopuru nahikoa izatea; eskaintza informatiboan eta iritzian euskal jendartean dagoen aniztasuna bermatzea; irakurleriaren bilakaera jarraitzea; bideragarritasun ekonomikoa lortzea eta gutxienez %55eko finantziazio propioa ziurtatzea.

Berria Taldearekin sinatutako akordioaz gain, abian da euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berria. Lakuak uda honetan onartu du gainerako komunikabideentzako dirulaguntza deialdirako ekarpena. Lakuak eta hiru aldundiek guztira 10,5 milioi euro bideratuko dituzte urtero euskarazko hedabideak laguntzeko, orain artekoa baino 3,1 milioi gehiago. Lakuak berak 7,8 milioi jarriko ditu (5,5 milioi dirulaguntza deialdian eta 2,3 “Berria”-rekin sinatutako hitzarmenerako).

Bi kasuetan, bideragarritasuna ez dela erakundeen ardura izanen zehaztu dute, baizik eta proiektu bakoitzarena. Irizpide orokor gisa ezarri dute dirulaguntza bidezko estaldurak aurrekontuaren %30 ez gainditzea.