Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Larrugorritan

Bazen garai bat non rocka probokatzailea, astintzailea, iradokitzailea zen. Garai horretan dibertigarriagoa zen dena, batez ere, musika. Rockaren beraren ADNan zegoen bazterrak nahastea, barruak askatzea, eskandalua eragitea. Ez dut nik asmatu, hogeigarren mendeko musikaz ari den edozein historia-liburutan, erreportaje-sortatan edo filmetan aipatzen den zerbait da. Garai heroikoetatik datorren ondarea, urteen eta masa-kulturaren asimilazio etengabearen eraginez, bidean aspaldi galdutakoa. Ziurrenik, horregatik bueltatzen gara etengabe 80ko hamarkadako musikara, gurean, beste inongo garaik baino hobeto islatu zuelako rockaren izpiritu basa hori. Nostalgia izan nahi ez duen gure nostalgia, e Gorka!

Zaila da azken hamarkadetako rockean postureoa eta jarrera sinesgarriak ezberdintzea, eta ez da oso urruti joan behar horretarako. Normaltasunak dena jasan dezakeelako, dena irentsi, dena eraldatu, dena bihurtu bere aldeko, eta tresnak ez zaizkio falta horretarako. Noiz bihurtu zen gure rocka, salbuespenak salbuespen, hain serio, hain sakon, hain arduratsu eta, bide batez, hain aspergarri, hain aurresangarria? Horregatik, Alex Sardui lehengoan Gernikan oholtza gainean biluztu izana iruditzen zait azken asteetako berririk pozgarriena. Ez oso ekimen iraultzailea delako, jakina, bertako abadea ere ez zen eskandalizatuko. Erakusten duen lotsagabekeriagatik baizik, sinbolo gisara gure musikari falta zaion alde «pikaroa» hauspotzen duelako; hori beti da ona. Eta aitor dezadan ez naizela bereziki Sardui edo Gatibu zalea.