2020/04/17

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Adinekoen egoitzak
Baina ez dezagun ahaztu ohartarazi zigutela; egoitzetako langileek urteak daramatzate borrokan eta egoiliarren senitartekoek askotan altxatu dute ahotsa

Zaintzaren krisia ez da berria, baina bizi dugun larrialdi soziosanitarioak aukera ematen digu mugimendu feministak aspaldi ohartarazten zuena gordintasun osoz ikusteko. Zaintza hitza inoiz baino gehiago entzuten ari garenean, modu formalean eskaintzen ziren gehienak emateari utzi zaio. Gainera, oraindik martxan dauden zerbitzuetan aspaldiko arazoak azaleratzen hasi dira. Bereziki adierazgarria da adinekoen egoitzetan gertatzen ari dena. Datuak oraindik oso garbi ez baditugu ere, nabarmena da krisia larrien pairatzen ari direnak direla. Salbuespenak salbuespen, egoitzetan hartutako prebentzio neurriak arinak, berantiarrak eta eskasak izan dira; agerikoa da baliabide eta protokolo nahikorik ez dela egon.

Egoera horren aurrean, gero eta ahots gehiagok aldarrikatzen dute arreta eredua birpentsatzeko beharra. Dudarik gabe, ezinbestekoa zaigu denbora hartzea eta modu kolektiboan hausnartzea gerora egin beharrekoaz. Baina ez dezagun ahaztu ohartarazi zigutela; egoitzetako langileek urteak daramatzate borrokan eta egoiliarren senitartekoek askotan altxatu dute ahotsa.

EAEko Gizarte Zerbitzuen Legearen arabera, baldintzak betetzen dituztenentzat adinekoentzako egoitza zentroetan bizitzea eskubidea da. Aldundiek bide ezberdinak hautatu dituzte euren betebeharra osatu aldera. Edonola ere, arreta orduak, langileen baldintzak eta estaldura tasek asko dute hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak ere zeresan handia du, zentroak baliabideen aldetik, funtzioen aldetik eta langileen aldetik bete behar diren baldintzak arautzeko ardura du; eta goi ikuskaritza ere bere eginkizuna da. Pribatizazioa nagusi den sektorea izan arren, plaza gehienak diru publikoarekin finantzatuta daude, hortaz, kontrol aukerak handiak dira.

Jakitun izan behar gara, halaber, gizon eta emakume adintsuen inguruan ditugun aurreiritziez, egun hauetan denak “zaku” berean sartu baititugu eta adinkeria zantzuak ikusi izan dira. Egin beharreko hausnarketan, komeniko litzaiguke gure interdependentziaz eta zaurgarritasunaz kontzienteak izatea.