Testua: Oihane IRAZU

Surf eskolek eutsi egingo diote olatuari ezohiko ekaitzaren erdian

Euskal Herriak 200 kilometro baino gehiagoko hondartzak ditu, eta Europako zein Penintsulako leku garrantzitsuenetako bat bihurtu da surflari amateurrentzat zein profesionalentzat. Gipuzkoako Zarauzko hondartzek edo Mundaka eta Sopelako hareatzek Bizkaian, kalitatezko olatuak eskaintzen dituzte, mundu mailan oso estimatuak direnak. Horregatik, nazioarteko txapelketak antolatzen dira, baina baita gazteenei kirol honen sekretuak erakusten ere.

Billabong Pro Mundaka ASP World Tourreko bederatzigarren proba izan zen. Mundakako herrian ospatzen zen, urriaren lehen hamabostaldian. Zortzi urtetan zehar antolatu zen, azken edizioa 2008an izan baitzen. Kostaldean eragindako aldaketek munduko ezker olatu ospetsuena hondatu zutela uste izan zen. Lehiaketa honek Mundaka ospetsu bihurtu zuen surfaren munduan, eta Andy Irons eta Kelly Slater moduko profesionalak pasatu dira Bizkaiko herri txiki honetatik.

Mundaka, Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatutako herria da, bere ezker olatuagatik ospetsua. Olatu hau, hego-hego-mendebaldeko haizeekin eratzen da eta lau metroko altuera eta 400 metroko luzera izan dezake.

Hodien formei esker, surflariek kostalde osoa barrutik ikusteko aukera dute, eta horrek balio erantsia ematen dio olatuari. Europako kategoriako olaturik onena dela esan daiteke, eta urtero mundu osoko surflari eta bisitari ugari erakartzen ditu.

Nahiz eta azken hamar urteotan lehiaketarik ez egin, oraindik famatua dela esan daiteke. Mundakako Surf Taldea 1987an sortu zen, Bizkaiko surf eskola zaharrenetarikoa da. Berrogeita hamar urtetik gorako lagun-talde batek, Mundakako olatuaren gorabeherek eraginda zentzua eman nahi izan zion Mundakako olatuak mugitzen zuen espirituari.

Horietako batzuk urrutitik etorri eta Mundakan geratu ziren. Mundakako Surf taldeko kideak oso eskertua egon dira beti haiek egindako ahaleginarengatik, eta horiei esker, gaur Surf Taldeak eta eskolak lanean jarraitzen dute. Gaur egun, 210 kide inguru dira.

Sopelako eskola

Sopela herria ere oso ezaguna da surf munduan. Nazioarteko lehiaketa ugari egin dira bertan, joan zen urtean, esaterako, Nazioarteko Surf Txapelketa Egokitua eta Sopela Kosta Fest, besteak beste.

Sopelan ere ez da falta surf eskola, Peña Txuri izenekoa. Baina bertako kideek nabarmentzen dutenez, eskola bat baino askoz gehiago da, «familia bat da, surf irakaskuntzan hamar urtetik gorako eskarmentua duen profesional talde batek osatzen duen familia».

Urte hauetan guztietan, milaka izan dira surfean hasi edo euren teknika eta estiloa hobetu nahian Peña Txurira joan diren pertsonak, baita euren teknikak ikastera edo partekatzera edo hobekuntza entrenamenduetara hurreratu diren surfista profesionalak ere.

Gaur egun, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu surf eskola honek, hala nola hastapeneko, hobekuntzako eta sakontzeko ikastaroak, eta udako kanpalekuak ostatuarekin batera. Udalekuak surfa eta bestelako kirol jardunak uztartu nahi dituzten ume eta gazteentzako zuzenduta daude.

Gaur egun hamaika profesionalez osatutako lan taldea du Peña Txuri eskolak, guztiak Naroa Saratxagaren zuzendaritzapean.

euskal kostaldeaz gozatu

Arrietara hondartza ondoan kokatuta dauden instalazioetatik gertu, beste areatza batzuk daude (Atxabiribil, Barinatxe, Azkorri...), baita Muriola edo Meñakotz bezalako itsasarteak ere, non euskal kostalde ederraz gozatu daitekeen.

Oinez ingurumena ezagutzeko ere Uribe Kostak askotariko ibilbideak eskaintzen ditu itsaslabarretan eta mendian zehar, bertako ondare kultural eta naturala ezagutzeko.

Beste bisita gomendagarri bat Galea da. Itsaslabarretako ibilbide honetan, Aixerrota eta Galeako gotorlekua bisita daitezke, XVIII. mendean eraikitakoak biak. Urtetan egin da bertan Punta Galea Challenge, olatu handietako munduko zirkuitoko lehiaketaguneetako bat

«Uda honetan herriko jendearekin biziko gara, ez da ia kanpotarrik etorriko»

Espainiako Surf Federazioak segurtasun protokolo berezia argitaratu zuen maiatzaren 11n Covidaren krisia dela eta. Neurrien artean, materiala ez partekatzea, tablak desinfektatzea eta distantzia mantentza aipatzen dira. Mundakako surf eskolak, beste askok bezala, arazoak eta urduritasuna bizi izan ditu udako kanpainiari begira. Gaizka San Justok, Mundakako Surf Eskolako irakasleak, azaldu digu ze egoeratan dauden.

Nolakoa izango da uda Surf Eskolan?

Ez dakigu. Eskolaren promozioa neguan egiten da, eta horren emaitza udan ikusten da. Baina aurten herriko jendearekin bakarrik egin ahal izan dugu promozio hori, kanpotarrik gabe. Gure helburua da udako denboraldia salbatzea, soilik.

Neurri bereziak uda atipiko honetarako. Nola antolatu zarete?

Ba orain oso ondo. Baina deseskalada hasi zenean, urduritasun handia izan genuen. Whatsapp talde bat dugu Bizkaia mailan eta han, Federazioak bidaltzen dizkigun neurriak amankomunean jartzen ditugu. Gure klaseek segurtasun handiena edukitzeko, %30era hasi gara ikastaroak eskaintzen, esan dizudan moduan herriko umeekin, kanpotarrik gabe. Neurrien artean daude, adibidez, tenperatura hartzea eta eskuak gelarekin garbitzea hasi baino lehen; neopreno trajea lehenengo egunean ekarri, eta surf ikastaroa bukatzean etxera itzuli garbitzeko. Lokal barruan, bi metroko distantzia mantendu, eta dena desinfektatu klase bakoitzetik bueltatzean. Neurri horiekin lana bikoiztu egin zaigu, baina dena gutxi da segurtasun bikaina edukitzearren.

Etorkizunari begira, zer esan dezakezu?

Ez dakigu zer gertatuko den agerraldi berriak badaude. Ez dugu inor infektatzea nahi, horrek berriro ixtera behartuko gaituelako. Hortaz, neurriak zorroztasunez eramaten ditugu. Egia esan, ikusi dugu jendea animatu dela surf ikastaroetara udalekuak ez daudelako. Orain dela egun gutxi hasi gara kanpokoekin, baina oso gutxi. Eta uda, antzekoa izango dela ikusten dugu.