Maddi TXINTXURRETA
USURBIL
Elkarrizketa
IGOR GORRITI
ARTZABAL JATETXEA (USURBIL)

«Urduritasuna dago, ez dakigu zer gertatuko den»

Denbora luzez itxita egon da Usurbilgo Artzabal jatetxea, baina maiatzaren 1ean ireki zuten eta martxa hartzen hasita dago jada, bazkariak eta afariak ematen. Nahiz eta jakitun den beste urteetan baino gutxiago funtzionatuko duela jatetxeak, uztailean eta abuztuan lan dezente izango dutela espero du Igor Gorriti arduradunak.

Konfinamenduan, langileen gehiengoa bezala, geldirik egon zarete ostalariak. Nola eraman dituzue Artzabal jatetxean egun luze horiek?

Ahaztu zaizkigu jada, segituan hasi gara betiko errutinan. Baina ardurarekin bizi genuen, zer gertatuko zen ez genekielako. Orain, herriko jendea etortzen da, baina eguneko menuek arduratzen gaituzte gehien; langileak etortzen dira eta, noski, langileak lana galtzeko arriskuan baldin badira, gu ere bai, menuak haiek hartzen dituztelako.

Jatetxea berriro ireki zenutenean, nola hasi zineten berriro ere laneko martxa hartzen?

Otsailaren 1etik maiatzaren 1era arte itxi genuen, eta maiatzaren 1ean Osasun Sailak baimena eman ostean, platerak-eta etxeetara eramaten hasi ginen. Gero, terraza ireki genuen eta bazkariak eta afariak ematen hasi ginen. Terraza handia daukagu, 150 pertsona inguru sar daitezke. Terrazaren kontua erabat martxan daukagu, asteburuak oso ondo doaz, baina, eguneko menuak, okerrago. Egun batzuetan ondo funtzionatzen dute, beste batzuetan okerrago. Baina ilusioarekin gaude eta intentzio onarekin. Batez ere herriko jendea etortzen da, eta langileak menua jatera. Herrikoak egunero etortzen dira, eta menua jaten dute, baina langile jendea etxetik ari denez lanean, igarri egiten da.

Ekonomikoki, konfinamendua kolpe handia izan da zuentzat?

Gure kasuan ez hainbeste, jatetxearen eraikina Udalarena delako. Etekinik ez dugu izan itxita egon delako, baina galerak ez dira hainbestekoak izan, Udalak ez digulako alokairua kobratu. Ni ez nago kexatzeko moduan, egia esan.

Hala ere, ostalaritzaren sektorea gehien sufritu duenetako bat izango da. Sektoreko langileen artean nola bizi izan da egoera?

Urduritasuna nabaritzen da: ez dakigu zer gertatuko den, ez dakigu oraindik enpresetako erregulazio espedienteek irailera arte jarraituko duten edo ez, eta horrek guri asko eragiten digu. Badakigu lan gutxiago izango dugula, baina ez zenbateraino gutxituko den lana. Beraz, ardura hori badago.

Aurtengo uda desberdina izango da, arraroa, eta zailagoa agian. Baina martxa hartzen hasi zaretela diozu, beraz, udan zehar Artzabal jatetxean normaltasun antza hartuko duzuela pentsatzen duzu?

Bai, uztailean eta abuztuan lan dezente egingo dugula espero dut. Guretzako nahiko hilabete onak izaten dira normalean, eta pentsatzen dut herriko jendea aurten ere mugituko dela tabernatik. Herritik kanpoko jendea hasi da pixkanaka etortzen, bazkari eta afarietara batez ere, baina herriko jendea dezente dabil, eta pentsatzen dut martxa honetan jarraituko dugula.

Bestalde, asko hitz egiten ari da udazkenean agian covid-19aren beste agerraldi bat egongo dela. Etorriko balitz, Artzabalen prest egongo zinatekete berriro ere pandemiari aurre egiteko?

Psikologikoki bai, ekonomikoki ez dakit, ikusi beharko dugu zer gertatuko den. Ikusiko dugu hilabete hauetan aurreztu dezakegun, izan ere, orain aurreztu egin behar da, berriro horrelako zeozer gertatzen bada horri ere aurre egin ahal izateko. Baina jakinda agian etorriko dela, prestatu gaitezke ordurako, psikologikoki behintzat. Ekonomikoki, arazoa bakarrik ez da ixtea, berriro irekitzea kostatzen da.