GARA
IRUÑEA

Euskara hutsean bizitzeko erronka hartu dute 9 gaztek

Euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzeko asmoz, adin, kokapen geografiko eta errealitate soziolinguistiko ezberdineko bederatzi gazte euskara hutsean biziko dira azaroaren 12tik 19ra.

Azaroaren 12tik 19ra, «Euskaraldian gazteok ahots propioz hitz egiteko», Euskal Herriko adin, kokapen geografiko eta errealitate soziolinguistiko ezberdineko bederatzi gazte euskara hutsean biziko dira. Euskal Herriko hainbat euskara taldek bultzatu duten ariketa da.

Gaztealdia izena hartu duen ekimenean, Sodupe, Zornotza, Deustu, Plentzia, Lasarte-Oria, Iruñea, Tutera, Donibane Lohizune eta Urepeleko bederatzi gaztek hartuko dute parte. Ekimena Bizkaiko Topa Gaitezenek, NUPeko euskara taldeak, Ibaetako unibertsitate campuseko Iep! euskara taldeak, Gasteizko EHUko euskara taldeak, Baionako Bernart Etxepare lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldeak, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteak bultzatu dute.

Euskarak bizi duen egoerarekin kezkatuta jarriko dute martxan egitasmoa: «Adituen arabera, erritmo eta modu honetan ezin dugu euskararen etorkizuna bermatu. Euskalgintza Euskaraldia eta Korrika bezalako herri ekimenak antolatzeko gai den arren, kaleetan eta belaunaldi berrien artean ez da euskarari lehengo bultzada emateko energiarik sumatzen». Ildo horretan, hizkuntza politikek eta euskalgintzak bultzatutako apustuek aurreikuspenak bete ez dituztela azpimarratu zuten atzo. «D ereduak, EITBk, euskarazko irratiek edo erakunde publikoetako euskara teknikariek euskararen salbazioa ekarriko badute, herritarrok ere guri dagokigun erantzukizuna hartzen dugulako izango da, noski. Hizkuntza bat ez baita galtzen ez dakitenek ez ikasteagatik, dakitenek ez erabiltzeagatik baizik», nabarmendu zuten gazteek.

Ekimenak euskararen erabilera determinatzen duten faktoreak identifikatzea eta ikusaraztea du xede. Horien inguruan hausnartzea eta determinante horiek «Euskararen Herria eraikitze bidean jartzea» ere sustatu nahi du egitasmoak. Azken finean, gazteek euskaraz bizitzeko hautua egitea bultzatu nahi du. «Hautu hau ezin dugu herri proiektu batetik bereizita ulertu. Herri horretan pertsona guztiek euren bizitza era duinean garatzeko aukera izan behar dute, eta berdinen arteko eta zapalkuntzarik gabeko herri bat izan behar da. Horrek, ezinbestean, herri euskaldun bat dakar berarekin, euskarak ez baitu beste inoren hizkuntza ez nazioa desagerraraziko, gaur egun gure herrian gertatzen ari denaren kontra», nabarmendu zuten.

Euskara, «bide»

Era berean, euskarak gazteon bizi proiektuaren garapenean «bide» izan behar duela uste dute. Nabarmendu zutenez, «gazte gisa» gizartean era duinean garatzeko helburua dute, eta, horregatik, euskararen aldeko hautua «garapen horretan euskarak ematen dizkigun aukeren araberakoa» izango dela uste dute. «Ezin baitugu erabilerarik ulertu eskubide, eremu seguru eta boteregunerik gabe», nabarmendu zuten.

«Euskaraz bizitzearen hautua hautu zorotzat hartzen baldin badugu, eta konbentzituta gaudenoi ere hamaika buruhauste ekartzen baldin badizkigu, boteregune ezberdinetan estres sortzaile izanik, nola eskatu txikitatik inguru erdaldun bat eduki duenari euskarak berarekin dakarren estresa onartzeko?», galdetu zuten.