Xole ARAMENDI ALKORTA
ZARAUTZ

Atzoko eta gaurko migrazioak

«Batzuetan ahaztu egiten zaigu inoiz ere laguntza behar izan genuela». Ahanzturaren aurrean, gure artera datozenak babestearen aldeko aldarria egin nahi du Zarauzko Photomuseum-eko paretetan ikus daitekeen erakusketak. Iragana eta oraina. XIX. mendetik hasi eta gaur egunera bitartean Euskal Herriko mugak gaindi urrun joandako euskaldunen irudiak ikus daitezke, baita gosete eta gerretatik ihesean orain gurera datozen migratzaileak ere.

Kameraren beste aldean jatorri desberdinetako helduak zein haurrak ikus daitezke, eta den-denen aurpegietan atsekabea, mina, desesperazioa. Maleta eskuan –kasurik onenean–, bizitza duin baten ametsaren bila alde egin dutenak dira, etxea zein senitartekoak atzean utzita. Egoera ekonomiko, sozial edo politiko latzetatik ihesi. Galtzeko ezer ez daukanaren kemena.

Badira samina esperantza tanta batzuekin piztutako aurpegiak ere beste irudietan, “Aita Mari” edo “Open Arms” ontzien itsas zabaleko erreskateenak, esaterako. Edo Euskal Herrian babes hartu dutenen egunerokotasuna islatzen duten irudiak.

Gipuzkoako Diputazioaren egitasmoa da “Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea” erakusketa. Uztailaren 25a bitartean Zarauzko Photomuseum-en dago ikusgai eta ondoren beste herri batzuk bisitatuko ditu.

Juantxo Egañaren komisariotzapean gauzatu da proiektua. Denera 90 irudi aukeratu zituzten eta ia bost hilabete eman dituzte edizio lanetan. Horietatik 65 argazki jarri dituzte ikusgai, munduko hainbat tokitan eta garaitan eginak.

«Diputazioaren enkargua jasotzean zer egin pentsatzen jarri eta Euskal Herritik ihesean joandakoen irudiekin hastea erabaki nuen», kontatu dio Egañak GARAri.

Artxiboetan bilaketa lan handia egin du Egañak. Iragana. “Memoria historikoa” atalean hogei argazki funtsetan arakatutako materiala jarri du ikusgai donostiar argazkilariak. Tartean, 1876. urteko irudia, errefuxiatuak Frantzian Bigarren Karlistaldiaren ondoren. Begiak piztu zaizkio Egañari. «Ikusgarria da argazkia, Kubara ere joan ziren», dio. Eta horren erakusle, bisitariari arreta berezia pizten diona, 1850. urteko dagerrotipoa. Domingo Belausteguigoitia ageri da, Lehen Karlistaldiaren ondoren Karibeko irlan errefuxiatua.

Argazkiak bakarrik ez, garaiko argitalpenak ere aukeratu ditu Egañak. Zehazki, bederatzi aldizkari eta azal bildu ditu, Estatu frantseseko errefuxiatu esparruak, gerraosteko erbestea eta 1936ko gerraostekoak islatzen dituztenak. Eta aipagarriak dira bi marrazki, haurrak zirelarik Baionan errefuxiatuta zeudenean Emilio Canyonek eta Jose Ayestaranek eginak 1936an.

Bidasoa

Bidasoa ibaiak ezinbesteko presentzia du erakusketaren bigarren atalean. 1936ko irailaren 6an Hendaiara iritsitako errefuxiatu taldearen irudia ikus daiteke, ontzietatik jaisten. Erbesteari eskainitako atala dator segidan. Belgikan eta Ingalaterran –Southampton hirian– babes hartu zuten euskaldun taldeen irudia da erakusketarako hautatutako bat. Baita Le Havreko portuan, “Flandre” ontzian Venezuelarako bidea hartu zutenena ere.

«Euskaldunak pabiloietan, zein baldintzatan bizi ziren ikus dezakegu», esan du Egañak beste irudi bati begira. Historian aurrera eginez, Gurs-eko eta Argeles sur Mer-eko kontzentrazio esparruetakoak erakusten dira.

Aurrerago, Comete sareko kideen argazkia ikus daiteke, Bigarren Mundu Gerran eraisten zituzten hegazkinlari aliatuak ebakuatzeaz arduratzen zirenak. Eta Wight irlan Maria Dolores Goya maistrarekin euskal haur errefuxiatuak, irribarrea aurpegian. Kirolak eta kulturak ere badu tarterik. Euskal futbol selekzioa ikus daiteke Errusian 1937an ateratako irudian, baita Eresoinka Londresen ere.

Gaur egunera salto egingo du segidan bisitariak. Mediterraneoko exodoaren eta itsas salbamenduaren irudiak jasotzen ditu. Erich Andres, Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo García Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesus Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saiz dira erakusketan parte hartu duten argazkilariak.

Lubaki –GARAko kolaboratzailea– aritu da Egañarekin batera aukeraketa eta edizio lanetan. «Normalean ekoizpena gogorra izaten da, baina proiektu honek sekulako edizio lana ere eskatu du», azaldu duenez.

Urteak daramatza Lubakik argazki-kazetari bezala munduan zehar lanean eta berak sinatu ditu erakusketan ikus daitezkeen lanetako batzuk.

Enpatia

«Enpatiarik gabe ez dago argazkirik», azpimarratu du. Horren lekuko, Alepon familia bati 2013an egindako argazkia. Egunerokotasuna utzi eta erbesterako bidea hartzera daramatzan unea jasotzen du. «Eurekin harremanetan jartzeko aukera izan dut eta Alemanian bizi dira egun», argitu du. Bada Alepotik urrun, Donostian bizi den beste familia baten argazkia ere, 2021ekoa.

Irudi inpaktanteak. Sabelera zuzenean doazen ukabilkadak. Lehenengo aldia da erakusketako argazki asko publikoaren begi aurrean jarri direnak.

Bada bat oso modu sotilean, eta oso modu grafikoan ikuslea hunkitzen duena. Lurrean, botata, arropak ikusten dira. Libiatik ihesi Lampedusan heriotza aurkitu zuten haienak dira, Daniel Castrok ateratakoa. «Ez dago akziorik, atzeko aldea erakusten du», nabarmendu du Lubakik. Eta ondoan, kontrastea eginez, akzio beteko argazkia, desfokuratzearen erabilpena nabarmenduz. “Open Arms” ontziko tripulazioak magrebtar talde bat erreskatatu du Mediterraneo erdialdean, 2020ko irailean. Ricardo Garcia Vilanovaren obra da.

Memoria ahula

Erakusketaren helburuetako bat gure memoria ahula azalaraztea da. «Oso azkar ahaztu dugu izan ginena», Javier Galparsoro Cear erakundeko lehendakariaren esanetan. Memoria ez galtzeko gonbidapena da erakusketa. Euskal herritar ugarik hartu baitu erbesterako bidea historian zehar, nahiz gaur egun askok txanponaren beste aldean egon ginela ahaztu duten.

Europak bizkar ematen dien migratzaile-errefuxiatuak, euren giza eskubideak urratuta ikusten dituztenak.

Europa barruko exodoak islatu ditu oso modu grafikoan mapa batean Karlos Zurutuza GARAko kolaboratzaileak. «Europa gerra, gosete eta izurritez josita egon da. Datuak aztertzen hasi nintzen eta kopuru izugarriak ateratzen ziren, batez ere Bigarren Mundu Gerraren ostean. Ekarpen txiki bat hausnarketarako bide ematen duena», kontatu du.

“Damasko Europa denean” izenburua duen testuaz lagunduta dago mapa, «ez dezagun ahaztu Europa Damasko izan zela edo Damasko egun Europa izan zitekeela», jarraitu du.

Honela dio mapa osatuz idatzi duen testuan Zurutuzak: «Pentsa genezake besteei eta beti berdinei gertatzen zaien zerbait dela, baina segundo bat nahikoa da gogoratzeko Europako oraintsuko historia gosete biblikoek, munduko liskarrek eta dozenaka barne gatazka armatuk astindu dutela. Ahaztu egiten zaigu patata uzta txar batek sarraskia eragin zuela Irlandako biztanleen artean duela mende bat inguru, edo, hogeita hamar urte geroago, ukrainarrek termino bat asmatu zutela gosez hiltzeko: holodomor. «Srebrenica» esatera ausartzen garenerako, izugarrikeriaren irudiak gure buruan pilatu dira. Dresdeneko, Groznyko edo Gernikako hondakinak bezala. Bai, gure kontinenteko mapa toponimoz beterik dago, hemen ere sufritu egin delako: miseria itzelenetik hasi eta eskala handieneko sarraskiraino.

«Ihes egiten da, Europako tokiren batean abiatu eta milaka kilometro oinez egiten dituzten zeharbideetan, ozeanoak zeharkatzen dira leporaino betetako sentinetan edo kontinente osoak ganadu trenetan. Bidaia hori non amaitzen den ia beti ezezaguna da. Beldurrak eta goseak markatzen dute pausoa».