Andoni TOLOSA«MORAU»
Musikaria

Gaitasunak

Musika egiak zabaltzeko eta mezuak eraikitzeko tresna dela dio Sarah Ardate musika hautatzaileak. Harentzat, DJ saio bat kronika bat izan daiteke. Haren aburuz, gatazkak dauden lekuetan behar dugu musika gehien; besteak beste, erreparazio gaitasun izugarri duelako. Azkenik, identitate kolektiboak eraikitzeko garaian primerako lanabesa dela dio DJ eta ikerlariak, eta Mendebaldean galdu egin duela gaitasun hori. Hain zuzen ere, Mendebaldean aisiarekin, modarekin eta negozioarekin lotu dugula, eta horrek indargabetu egin duela musika. Ataka horretatik ateratzeko, berriz, Ardateren esanetan, pentsatu egin beharko dugu gure bizitzetan zer erabilera eta garrantzi ematen diogun musikari (Berria 2021/06/22).

«Hor badituzu uda osorako zutabeak Morau», esan diot neure buruari, paragrafo bakarrean agertu den gai mamitsuen kopurua ikusita. Baina, zelako bertigoa! Horregatik, amaieratik hasiko naiz, eta adituen aholkuei jarraitu behar zaielakoan, musikak nire bizitzan duen garrantziaz hausnartu dut, baita ematen diodan erabilerari buruz ere. Tarte luze bat eman dut horretan, eta aitortu behar dut ez nauela gehiegi asebete azterketaren emaitzak, haren arabera; musika bildumazale gaixoa naiz, neure lagunik onena ere salduko lukeena kantu on baten truke, eta musikari esker ingurua, hein batean, ulergarri egiten zaiona. Beste hitz batzuetan esanda, menpekotasunak jotako gizagaixoa naiz. Hori bai, bat egiten dut Sarah Ardatek esandako guztiekin.