Amagoia MUJIKA TELLERIA
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

LAZKOZ, SOTO, ILLARREGITARRAK, ALKAIZA, SANJURJO, SILVEIRA ETA FERNANDEZ

NAFARROAKO FINALAK BADU ZORTZIKOA. ATZO LEITZAN JOKATU ZEN AZKEN FINALERDIA ETA, ETXEAN GOZO JOKATUTA, JOANES ILLARREGI GAILENDU ZEN. LEITZAKO SAIOTIK BESTE BIK LORTU DUTE FINALERAKO TXARTELA: XABIER SILVEIRAK ETA ENEKO FERNANDEZEK. LEITZAKO KIROLDEGIKOA FINALAREN ATARIKO DOTOREA IZAN ZEN; GIROZ, BERTSOZ ETA TENTSIOZ.

Joanes Illarregik etxean jokatzen zuen. Leitzako kiroldegian 550 lagunek paratu zuten bertsoarentzat etxea, finalerdietan azkenak merezi zuen gozotasunez. Illarregik hasi eta buka, orekari eutsi zion. Bertsotan oso ondo egiten duela erakutsi zuen. Zortziko handian Julen Zelaietarekin hasi zen. Intsumiso zirelako preso egondako aspaldiko bi lagunen azalean. Hogei urteren buruan elkartu ziren berriro. «Bere garaian kartzelan sartu eta zenbat atsekabe/ estatu oso bat zen gure kontra eta gogor parez pare/ ikusi preso ta Altsasukoak askatasunikan gabe/ injustizi bat desegin zen baina beste mila daude». Hori, lehena. Eta ariketa amaitzeko, «...nahiz kendu ziren soldaduskara derrigor joan beharrak/ orain falta da kanporatzea gure herritik militarrak». Hasieratik eman zuen abisua leitzarrak lanerako zegoela.

Kartzelakoan, puntuak erantzuten goitik, eta gaiari abestuz, berdin. Isiltasuna eta txalo zaparrada, seinale ona izaten da, entzulea bertsoaren harian harrapatuta dagoelako lehena eta txaloak gero, gustatu zaiolako puntadaz puntadako bidea.

Hauxe izan zuten kartzelako gaia: Ausart sartu zara. Jada ezin duzu atzera egin. 13/13 epaiketa ekarri zuen Illarregik oholtzara. Hauxe, hirugarrenaren amaiera: «...nahiz epaiketa bukatu arte ezin den hartu atseden/ sakon egin dut hasperen/ merezi gabe akusatuen aulkitxoan nago hemen / baina herriak ederki daki arrazoia zeinek duen».

Bigarrena, Xabier Silveira izan zen. Zortziko txikian agertu zen gustatzen zaio eran, ateraldi sorta bat besapean. Sarai Roblesekin batera aritu zen. Azterketa bat egin zuten bi ikasleren azalean, Silveira erantzunak kopiatzen aritu zen. Silveirak azterketa gainditu zuen eta, Saraik, ez. Hauxe Silveiraren lehena: «Betaurrekoak ere neuzkan zikin xamar/ agian horregatik nota etzen hamar/ zu beti izan zara nahiko ikasle txar/ begiratzen nuen zer ez zen jarri behar». Roblesek erantzun zion, «klasean nire ondora zara etorri ta/ dena gainditu duzu kontrakoa jarrita/ baina sinesgaitza zait bai zure taktika/ nik boligrafoa dut eta zuk barita». Eta, Silveirak, «Doraemonek bezela magia ta marramiau/ zuri begiratzeak aunitz lagundu nau/ lehenbabailehen ikasi bizilege bat hau/ dakienak daki ta ez dakienak lau». Kartzelakoa ere txukun josi zuen, sinadura propioko detaileak utziz. Adibidez, hirugarren alearen hasiera hau, «azaldu nahiko nizuke zu neretzako zarena / goizero zure guatxap bat jaso ta jaten dut trena/ gauez guatxapik ez bada trena da irensten nauena/ zure zain infinitoa liteke ordu laurdena...».

Eneko Fernandez, hirugarrena. Julen Zelaietarekin batera zortziko txikiko ariketan berotu zuen plaza lehenengotik. Fernandez dronearekin mendira joana, irudi batzuk hartzeko asmoz. Zelaieta, ehiztaria, droneari tiroka. «Ni beldurtuta nago ez naiz horren kaiku/ gure arteko lehia ez baita amaitu/ baina Julen tiroka etzazu jarraitu/ katxibatxe horrek dena grabatuko baitu», bota zuen Fernandezek. Eta, Zelaietak, erantzuna: «...grabatzen baldin badu akabo pakea/ horrek hausten du nere intimitatea».

Sarai Roblesek eutsi egin zion saioari eta gauza oso politak egin zituen. Kartzelakoan gurasoei emakumeak maite zituela kontatzeko egoeran jarri zen. «Amari esango diot urtea nuela aurten/ aitari aurreiritziak guztiak ja ditzala ken/ buelta erdia emango nuke nik aitaren baten/ baina etxeko atean naiz giltzari bueltak ematen/ ausarta izan beharra haiek onartu nazaten/ ispilu aurrean egon naiz posible dela esaten/ baina ispilutik kanpo ez da erraza izaten». Eta, amaieran, «nik libre maite dut eta berdin maita nazatela».

Iker Gorosterrazuk hamarreko txikian ariketa polito josi zuen, Eneko Fernandezekin batera. Ibilbide luzeko musika talde bateko kideak biak, Gorosterrazu aspertuta zegoen zaleek beti aspaldiko abesti bat eskatzen dietelako. «...ez badute nahi ezer berria dantzatzeko/ igual garaia dugu erretiratzeko».

Julen Zelaieta, azkenik, beretik, umoretik plaza xaxatuz. Ez da finalean izango, baina, berak aitortu bezala, ederra izango da Anaitasunan aurpegi berriak ikustea.