Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
«TIPULAREN SEHASKA-KANTA» FILM

Kartzela eta eritasunaren sinbiosiari ispilu bat

Depresioa, pentsamendu suizidak, diagnostiko berantiarrak, ailegatzen ez diren froga medikoak eta beranduegi ematen diren askatze aginduak. Kartzelak zuzenean presoen osasunean eragiten dituen ondorio lazgarriak, batzuetan atzera bueltarik gabekoak, azaleratu ditu Lander Garrok «Tipularen sehaska-kanta» film dokumentalean.

Ehun preso dituen modulu batean astean behin mediku bat igarotzen da, baina hamabost pertsona baino ezin ditu artatu. Beharra duenak hurrengo txandara arte itxaron beharko du aukerarik izan ez badu, eta hurrengoan ez bada, hurrengoan. Kartzelan gaixo dauden presoek eritasunaren lehen sintomak sentitzen dituztenetik lehen proba medikuok egiteko aukera duten arte batzuetan urteak igarotzen dira, eta, sarri, urte horiek zama handiegia dute. Osasuna bidean desegin egiten da.

Lander Garrok izen eta abizenekin jaso nahi izan ditu “Tipularen sehaska-kanta”n espetxealdiak preso diren pertsonen osasunean dituen eragin kaltegarriak. Preso ohien eta oraindik preso direnen lekukotzak eta kasuak bildu ditu, baita senideenak eta Zuzenbidean, Medikuntzan eta Psikologian adituak direnenak ere. Dokumentala ostegunean aurkeztu zuten Donostian, Sareren eskutik.

Eta zer dakar lan honek? Esaterako, Kepa Etxebarriak aske dago gaur egun, baina sakon iltzatuta ditu barruan bizitakoak, lau pareta haiek utzitako itolarria. «Kartzelan sartzen zarenean superbibentzia fase batean murgiltzen zara», aitortzen du kameren aurrean. Arriskua ikusten da edonon, eta gertatu daitekeenagatik etengabeko kezka batek hartzen zaitu. Jarrera horrek ondorioak ditu».

Nahia Aia medikua da eta Osabidea taldeko kidea. Bere datuen arabera, gaixotasunak prozesu sozial bat dira, oro har: «Eritasunen %27 genetikak edo berezko osasunaren baldintzek eragiten dituzte; gainontzekoak, ia %70, baldintza sozialek ondorioztatzen dituzte». Eta hor kartzelak paper garrantzitsua du, dioenez, zeren kartzelak baztertu egiten du, isolatu, «on egiten dioten harremanetatik aldentzen dute presoa. Han barruan normalean harremanak bortxan, beldurrean edo botere harremanetan oinarrituak dira».

Maritxu Jimenez psikologoak ohartarazten duenez, oinazearen sorreraren eta proba medikoen artean urteak igaro daitezke. «Demagun buruko minekin dagoela preso bat, buruko min handiekin. Etengabe eta gero eta intentsitate handiagoz. Eta demagun dela tumore bat». Bada, diagnostikoa beranduegi iritsiko da eta, gaixotasunaren arabera, erremedioa ere bai. Bitartean, utzikeria. Basamortua. Desesperazioa. «Lan handia egiten dugu laguntzeko, gauzak aldatzeko, baina emaitza eskasak lortzen ditugu. Sekulako trabak jartzen dizkigute», onartzen du Fernando Arburua mediku eta Jaiki Hadi elkarteko kideak.

«Kartzelak jakin badaki presoen %80k mediku zerbitzua behar dutela. Orduan, zergatik eskaintzen dira hain baliabide kaskarrak?», galdegiten du Etxeberriak.

Ana Lizarralde espetxean egondakoa da. Urte batzuk dira aske geratu zela, baina ondorioak lazgarriak dira. Estres postraumatikoa dauka espetxealdian bizi izan zuen gaixotasunaren eta berau tratatzeko moduaren eraginez. «Urtebete igaro zen jakin nuen arte etengabeko odol jarioak ez zuela jatorria nire sabelean, nire umetokian baizik», gogoratzen du tristeziaz. Bi mioma aurkitu zizkioten, eta ospitaleratu egin zuten DIU bat jartzeko, odol isuria eteteko. Saio hartako modu zakarra, hoztasuna, gizatasun falta ezin ditu barrenetik ezabatu. «Une hori erraietan daukat», dio. «Espekulua sartu, DIUa jarri eta itzuli nintzen zeldara. Eskularru zuriko bortxaketa izan zen», gaineratu du.

Odol isuria ez zen eten, eta azkenean ebakuntza egin zioten. «Nire umetokiaren eta nire artean hautatu behar nuela ikusi nuen, jakinda kalean izan banintz biak salbatzeko aukera izango nukeela. Ez nuen medikua ezagutu, ez emakumea edo gizona zen ikusi ere. Ez nuen aukerarik izan umetoki osoa ez zezala kendu eskatzeko». Orotara bost urte igaro zituen odol isuriekin. «Ez da gaixotasun larri bat, bi mioma ziren, baina nik estres postraumatikoa daukat», azaldu du, gordin.

Ibon Fernandez Iradiren kasua ere gerturatzen du Garroren lanak. Esklerosi anizkoitza du. Bere gorputza deseroso egiten zaio, eta zenbait galtza janzteak ere sekulako minak eragiten dizkio. Ezin du liburu bat hartu. Borroka luzearen ondoren, askatzeko agindua iritsi bazen ere, bigarren instantzian atzera bota zuten erabakia. Kolpe latza izan zen. Diagnostikoa izan arte bi urte eta erdi luze pasatu ziren oinazeak jota. Gaixotasunak ez du atzera bueltarik eta degeneratiboa izaki, funtsezko denbora galdu zen.

«Presoak eritasunaren berri duenean bide luze bat zabaltzen da, labirinto bat bilakatzen da. Burokraziarekin bueltaka hasten gara orduan: instantziak, frogak, epaileak, auzi medikuak, fiskalak…», azaldu du Onintza Ostolaza abokatuak.

«Ibon barruan mantentzen dute argudiatuz kartzelan bertan zaindu dezaketela, baina gezurra da hori. Oso erabaki krudela da, kalean egoteko baldintza guztiak betetzen dituelako», defendatzen du Ainara Fresneda senideak.

Zigortzea ez da eskubidea

“Tipularen sehaska-kanta” lanak beste testigantza batzuk jaso ditu. Kepa del Hoyo zenaren seme Peru del Hoyorena eta Xabier Rey zenaren anaia biki Patxi Reyrena, kasu. Lehena bihotzekoak jota hil zen, unean artatua ez izanagatik bihotza lehertu zitzaion handik bost egunera; bigarrenak bere buruaz beste egin zuen. «Bihotzekoen %97 sendatu egiten dira garaiz diagnostikatuz eta tratatuz gero», dio Aiak. Kasu horretan presoaren aurrekarietan jartzen zuen kartzelak azpimarra, erretzailea zela eta arrisku faktoreak bazituela… errudun egiten dute presoa. Eta guk diogu faktoreak hain begi-bistakoak badira, are arrazoi gehiagorekin zaindu behar direla presook».

Maritxu Jimenez psikologoaren aburuz, zeldan bizitza eta heriotzaren arteko senak borrokan daude. «Jasangaitza denean sufrimendua, bai fisikoa bai psikologikoa, amaiera atsedena da. Kartzelan heriotza presente dago bai beldur moduan, baita irtenbide moduan ere», aipatzen du. Isolamenduak uzten duen arrastoa ere jorratzen du Garrok.

Osabideako Aiak dio kartzela eta eritasunen auzia politika ardatzetik atera eta duintasunaren ardatzean kokatu beharra dagoela. Joan den hamarkadan lan tekniko izugarria egin da torturaren inguruan, hura dokumentatu eta parametro amankomunetan jartzeko; besteak beste, Istanbulgo Protokoloa eta haren eraginkortasuna aipatuz.

«Aro berri bat ireki beharko litzateke; gure taldeak erronka inplizituago bat du, eta da kartzelaren eta gaixotasunaren arteko harremana lantzea, tratu dohakabe bat zer den determinatzea». Egun torturak inork zalantzan jartzen ez dituen modu berean, auzi honetan puntu berera iritsi nahiko luke Aiak. «Osasun eskubidea zigorraren gainetik jartzea da helburua. Osasuna eskubidea da, zigortzea ez».