Jon GARMENDIA«TXURIA»
Idazlea

Harro hadi

Beti marmarrean ari bazara, zure penak kontatzen, batetik, ez dut zure gertaeren eta arduren norabidea sumatzen, baina bestalde, ez nauzu erakartzen». Zapla! Errima eta guzti, azken parte horrek lotu nau ofendituaren kantura. Egoaren umildade, zauriak pasio-desio istorio; badakizu metaforetara hurbiltzen naizela, konparazioetan ikusten dudala ene pentsamendua. Ausarki. Oiloak oilarra zergatik maite duen galdetuta «bere gandorragatik» erantzungo dizut, ez behintzat zizareen aztarrika oilategian ikusten duelako gizajo gisa. Eta ez egin tranpa, oiloak ere bere zera altxatzen baitu beste oiloari so! Eta oilandari gozamena fantasia bihurtzen zaio. Hastapeneko esaldia gure herriari beha erran duzula ohartu naiz. Negarrez, kalamidadeez mintzo, eskale beti, beldurti, zailtasunak aipu, euskaldunok gurutzea daramagun segizioa baitirudigu azkenaldian. Gaurko gizartearen isla, denak badu aitzakia. Eta «esperantza transmititzea da gakoa, ilusioa, garenaren harrotasuna, garenaren poza». Niri ere hala begitantzen zait, pasiora eraman dut halere, nehork ez baitu bere bikotekidea maite ez badu harengan indarrik nabari. Hau da, miseriaz eta tristuraz mintzo bazira, nehork ez zaitu erakargarri sumatuko. Beraz, ohar ttipi hau bego atzoko Herri Urratsen. Adibidez. Aski baitugu gure herriaren noraezaz eta galbaheaz hitz egiteaz. Izatea da kontua, egitea. Agertu hadi harro halere, Kantauri itsaso. Igel eta apo putzu ez bihurtzeko.