GARA
BILBO

Bizkaiko garbiketa sektorea ez da geldirik geratuko

Patronalak hobekuntzarik proposatzen ez badu, ez dute baztertzen greba egun gehiago egitea Bizkaiko garbikuntza arloan. ELA, LAB eta ESK sindikatuek orain arte deitutako azken greba eguna egin zuten atzo.

Otsailaren 28an hasi zenetik, garbikuntza sektore feminizatuko langileek sei eguneko greba egin dute guztira. Atzo izan zuten ziklo honetako azkena eta pozik agertu ziren ELA, LAB eta ESK sindikatuak izan duen oihartzunarekin.

«Garbi geratu da garbikuntzak era guztietako lantokiei eragiten diela, eta hori zen grebaren helburuetako bat, sektoreari balioa ematea eta behar horrek langileen lan baldintzetan isla izatea», nabarmendu zuten sindikatuek.

Goizeko hamar eta erdietan manifestazioa abiatu zuten grebalariek eta, hiriburuko kale nagusia zeharkatu ostean, Lakuak Bilbon duen egoitzaren aurrean bukatu zuten. Soldata arrakalaren aurka mobilizatu ziren.

Bizkaiko langile hauen soldata ez da urtean 16.000 eurora iristen, eta gehienek lanaldi partziala dute. Gainera, bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, nahiz eta KPIa inoiz baino gehiago igo den.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek langileek pairatzen duten soldata arrakala ere salatu zuten. Gizonak gehiengoa diren bide-garbikuntza arloarekin alderatuz gero, eraikinetako garbitzaileek %45 gutxiago irabazten dute. Beraz, 1.200 euroko 15 soldatako ordainsaria aldarrikatzen dute.

Sindikatuek gogorarazi zuten urtebete baino gehiago igaro dela hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zenetik, eta harrezkero patronalak ez duela hobekuntza nabarmenik eskaini. Patronalak negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu, greba egun gehiago deituko dituztela iragarri zuten ELA, LAB eta ESK sindikatuek.