GARA
DONOSTIA

Martuteneko amatasun-unitatea ekainerako egongo da prest

Ekainaren bigarren hamabostaldian irekiko dute amatasun-unitatea Martuteneko kartzelan. 2024rako Zubietako espetxe berrira lekualdatuko da. Orain arte ez zegoen horrelakorik Euskal Herrian.

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Martuteneko espetxean izango den amatasun-unitatea egokitzeko lanak ikustera hurbildu zen atzo eta espetxeetako zuzendaritzekin bildu zen.

Artolazabalek azaldu zuenez, hiru urtetik beherako haurrak dituzten amak hartuko ditu gune berriak, «adin horretatik aurrera espetxea ez baita adingabeen garapenerako ingurunerik atseginena». Ekainaren bigarren hamabostaldirako irekiko dute espazio hori, eta gehienez 80.000 euroko inbertsioa izango du.

Amatasun Unitateak bi solairu izango ditu, guztira 406 metro koadro. Lehen solairuan (246 metro koadrokoa) zazpi gela jarriko dituzte, horietako bi handiagoak, eta dutxak ere bai. Beheko solairuak, berriz, 160 metro koadro izango ditu, eta hiru areto txiki, egongela bat eta kautxuzko zorua izango duen haurrentzako jolastoki bat hartuko ditu.

Sailburuak esan zuen Amatasun Unitateak, gainera, erabilera balioaniztuna izango duela. «Gure epe laburreko kalkuluen arabera, espazio hori ama batek edo bik erabiliko dute gutxi barru beren haurrekin. Horregatik, bisita jasotzen duten beste emakume batzuen hamar urtetik beherako seme-alabak ere har ditzakeela pentsatu dugu: hau da, beheko solairuko haurren gunea familiaren bisita horietan elkarbizitzarako erabiltzea», zehaztu zuen.

Zubietako espetxe berria

Izan ere, Artolazabalek atzo adierazi zuen Lakuako Gobernuak kartzelen transferentzia jaso zuenean argi zutela amatasun-unitate bat egin beharra zegoela. «Bizkaiko kartzelan emakumezko presorik ez dagoenez, erabakia Araba eta Gipuzkoaren artean zegoen. Azkenik, hona [Martutenera] etortzea erabaki genuen, uste genuelako espazio hori zela adingabeentzako berme gehien eskaintzen zuena. Erabilera aldakorraz gain, aldi baterako ere bada, eraikitzen ari den espetxe berriak aukera emango baitigu unitate hori hasieratik gaitzeko».

Hain zuzen ere, Zubietako espetxe berriari buruz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zuen «gutxienez lau hilabeteko atzerapena gertatzen ari dela» lanetan; horrek esan nahi du «obra datorren urteko abuzturako edo irailerako egongo dela amaituta». Gero, instalazioak hornitu behar dira, eta, beraz, «ia bi urte igaroko dira, 2024ra arte, lekualdaketa eta jardueraren hasiera gerta dadin».

Zehaztu zuenez, orain gizarteratze-zentroa, sarbideen eta gelen kontrolak eta kirol-eremua egiten ari dira. «Nolanahi ere, gainerako guztia sakon zimendatuta dago, eta, hemendik aurrera, eraikinak eraikitzen hasiko gara», zehaztu zuen.

Marian Morenori babesa

Artolazabalek Gipuzkoako zentroko zuzendari Marian Morenori Sail osoaren babesa adierazi zion atzoko agerraldian, azken horren izena espetxeetako-langileen ustezko dimisio-zerrenda batean agertu ondoren.

«Ez dimisiorik, ez krisirik... esku artean duguna lan handia da, lan zaila, baina ilusio, konpromiso eta gaitasun profesional handikoa», esan zuen Artolazabalek.