Bono Denda kanpainak beste 640.000 bonu kaleratu ditu uztailaren 3ra arte
Lakuako Gobernuak iragarri zuenez, Bono Dendaren hirugarren edizioak 640.000 bonu jarriko ditu salgai gaurtik uztailaren 3ra bitartean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako deskontu bonuen kanpainak 6,4 milioi euroko aurrekontua izango du.

Lakuak atzo aurreratu zuenez, gaur abiatuko da Bono Denda kanpainaren hirugarren edizioa. Hori horrela, gaurtik aurrera 640.000 deskontu bonu jarriko dituzte salgai Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 4.400 establezimendutan kontsumitzeko. Edizio honek 6,4 milioi euroko aurrekontua izango du. Izan ere, atxikitako udal eta aldundiek 1,4 milioi euro gehitu dizkiete Lakuak jarritako 5 milioiei. Bonuak uztailaren 3ra arte egongo dira salgai.
Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azaldu zuenez, Bono Dendaren hirugarren edizioa merkataritzari laguntzeko ahaleginean kokatzen da, «zailtasun handiko une hauetan»: «Digitalizazioaren, kontsumo ohitura aldaketen eta ordaintzeko modu berrien erronkei aurre egiten ari zitzaien eta pandemia gehitu zaie. Eta, orain, Ukrainaren inbasioa, prezioetan eta kostuetan eragin duena eta produktu batzuen kontsumoa atzeratu duena».
Testuinguru horretan, Lakuak argitu du «aparteko funtsetatik 20 milioi euro» bideratuko dituela tokiko merkataritzara: 15 milioi zuzeneko laguntzetan eta 5 milioi kontsumorako bonuetan. Gainerako 1,4 milioi euroak, ostera, atxikitako erakundeek gaineratu dituzte. Lakuaren azalpenen arabera, Bono Dendaren funtzionamendua aurreko edizioetakoaren antzekoa izango da: «10 euroko deskontuak 30 eurotik gorako erosketetan, %30eko deskontua erosketetan, eta 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak bost bonu izango ditu tokiko zerbitzu eta merkataritza establezimenduetan trukatzeko».
Kontsumitzaileek, aldez aurretik, euskadibonodenda.eus webgunean informazioa jasotzeko aukera izango dute, beren ohiko establezimenduetatik programara zeintzuk atxiki diren egiaztatzeko. Hala eta guztiz ere, saltokian bertan zintzilik eta ikusgai egongo dira atxikipen-kartelak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
