GARA

«Aurrez antolatutako erasoen» kontra bat egin dute Donostiako bizilagunek

Donostiako Parte Zaharreko auzokide andana bildu zen atzo, joan den larunbatean «ildo sozialistako» kideek egindako erasoak salatzeko. Egoera onbideratzeko ekimenak ere abian ditu Alde Zaharreko Gazte Asanbladak: auzoko eragileen mahaira deitu du.

«Auzokideen artean elkartasuna» eta «Erasoen aurrean autodefentsa» leloak ozen entzun ziren atzo Donostiako Trinitate Plazan, larunbateko erasoen aurkako erantzun gisa. «Ildo sozialistako» kide ugarik, tartean kanpotik Donostiara etorriek, egin zituzten erasoak. Hori salatzeko deialdia egin zuen Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA). Jazotako guztiaren berri emateaz gain, AZGAk hau iragarri zuen: «Egoera guztiz deskontrolatuta dagoela ikusita, bere garaian sortu zen auzoko eragileen mahaia deitzea erabaki dugu, ildo sozialista barne, arazo larri honi irtenbidea emateko».

Larunbatean zein aurretik jazotakoaz bi aldeek emandako bertsioak ez dira oso ezberdinak gertaera zehatzei dagokienez. Halere, Gazte Asanbladak bi gazte jipoitu zituztela eta auzokideen aurka botilak jaurti zirela adierazi du, eta Donostiako GKS Gazte Koordinakunde Sozialistaren ustez, «borrokaldi tipikoa izan zen».

Liskar honen iturburua NAIZen irakur daiteke. Larunbatean 20.30 aldera «AZGAko kide bati eta auzoko gazte bati eraso egin, eta jipoitu egin zituzten ildo sozialistako 20 bat kidek», horietako asko «kanpotik etorriak», Asanbladak salatu duenez. Are larriagoa izan zen, ordea, gauerdi aldera jazotakoa: «AZGAko bi kide kalean zeudela, ildo sozialistako hiru kide aurretik erasotako kideari harropuzkeriaz oldartu zitzaizkion. AZGAko beste kidea egoera lasaitzen saiatu arren, ildo sozialistako 40 bat militante kalearen bi muturretatik (atzeko aldetik sartu zirenak, buruestaliak) auzotarroi kristalezko botilak botaz oldartu ziren».

«Gure militantzia babesten»

GKSk hau argudiatu du: «Asteburuan gure militantzia babestea bilatzen genuen, ez baitzen harritzekoa izango beste liskarren bat gertatu eta gu babesgabe egotea». «Ez zen lintxamendurik egon, borrokaldi tipikoa izan zen. Izan ere, mugimendu sozialistako dozena bat kide inguru geunden guztira kale horretan eta borroka hasi zenean gehienok gerturatu ginen arren, horietatik laurdenek hartu zuten parte borrokan», adierazi du ohar batean.

Liskar zehatz horietaz aparte, bistakoa da ikuspuntu politikoan bi aldeen artean dagoen erabateko haustura. Horrela, GKSk EH Bildu eta Sortu jotzen ditu errudun eta «kanpaina antikomunista» egitea egotzi zien atzo Miramongo anfiteatroan egindako agerraldian. Horren aurka, sare sozialetan lagun ugari salatzen ari dira antolakunde horien aurretiko kontraesanak larunbatean erakutsitako jarrerarekin areagotu egin direla.