Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Zaintzarekiko presioa arindu

Udan aspertzeraino erabilitako arropa eta oinetakoak erretiratzen hasita, abuztua amaitu eta iritsi da bigarren urte berria eta harekin uda garaian ozta-ozta gainditzea lortutako arazoak berritu dira. Haurren eskola eta ikastaroen ordutegiak eskuartean hartu, gurasoonak haien arabera moldatzen saiatu, laguntzak antolatu… Puzzlean pieza txiki asko lotu behar dira, bata besteari, eta batzuetan ezinezkoa da denak ondo uztartzea. Horregatik, etxetik lan egiteko aukera izatea balioan jarri da, nola edo hala lan ordaindua eta zaintza uztartzeko modua eskaintzen duelako. Baina nola eta norentzat da aukera bat? Eta zein eragin izan dezake?

Ikerketa hainbat egin dira telelanak izan ditzakeen ondorioen inguruan. Osasunari lotuta, etxetik lan egiteak estres maila areagotu dezakeela nabarmendu dute ikerketa batzuek, espazioak eta eginbeharrak bereizteko zailtasun gehiago dugulako eta norberak hainbat eginbeharretara duen denbora ere kudeatzea zaila delako. Baina lan merkatuan emakumeok dugun lekuan ere eragin dezake, jada ondo sustraituta dauden ideia asko indartuta. Izan ere, telelana borondatez egitea erabaki duten pertsonen artean gehiengoa da emakumezkoa, etxeko lanen eta zaintzaren ardurak beste modu batean bizi dituelako edota inguruak hala biziarazten dizkiolako. Badira, eta gero eta gehiago zorionez, lan horietan aritzen diren gizonezkoak, baina oraindik ere joera handiagoa dago kontziliazioaz emakumeoi galdetzeko, bai baitirudi zaindu ez ezik, zaintza antolatzea ere badagokigula. Zenbat aldiz galdetzen zaio, izan ere, etxetik kanpo lan egiten duen amari ia nola antolatuko duen bere burua?

Neurri orokorragoak behar dira, noski, nork nola edo hala bere puzzlea osatzea ez delako nahikoa. Baina zaintzaren inguruan sortuak ditugun presioak ere arindu behar dira eta horretan elkarrizketetan egiten ditugun baieztapen eta galderak zaintzeak eta nork bere buruaren zaintzarako behar duen denbora ukatzen duten estrategiak ez txalotzeak lagunduko luke.