Norabidea helburu!
Astea ezezko batekin abiatu zen, Txilek konstituzio proposamenari emandako ezetzarekin abiatu ere. Emaitza iragarria bazen ere, ez beti da ez! Baina hortaz ere, dagoena dago eta ez dagoena balego! Bidea arinago egin nahi izateak ez du beti helburua hurbiltzen. Hori ere etengabeko ikasgaia dugu, han-hemen, eta hor, jakina. Aurrera egiteko bideak, ibaiak bezala, ez dira askotan zuzenak, ez eta meandrodunak ere, txirikordatuak izaten dira, sigi-sagakoak, nahasiak eta nahastuak… hori bai, ibaiak badaki norantz joan, zein duen helburua. Norabidea da helburua! Han, hor eta hemen. Amen!
Jelkideen presidenteari entzun diot egunotan esaten Gobernu zentrala Karibeko erritmoan ari dela eurekin hitzartutakoa bideratzen. Harrapa ezan/k! Iran/k! Estatutu hura, hezur-mamitan zaharminak jota, 43. urtea ZIUn ospatzera doan honetan zer eta besteen erritmoa kritikatu! Ama, ama! Ez zuten ba eurek ezarri Euskadi tropikala izateko bidearen erritmoa! Estatus berriren bat ere izan du ahotan, eta elkarrizketaren bat abiatzeko baldintzak datorren urtearen amaierarako iragarri ditu, hauteskundeak pasatuta, jakina. Lehendakariak “ekaitza” iragartzeko erabili zuen eredu bera izateak kezkatu egin nau. Horien norabidea argia balitz sikiera!
Eta sasoian sasoikoa. Alardea! Argazkitan baino izan ez bada ere, aurton ez dut plastiko beltzik bazterretan ikusi; ez dakit batzuek kontzientzian sakondu izanaren ondorio izan ote den ala, besterik gabe, krisi energetikoak plastiko beltzetan eragindako presio igoeragatik. Neuk ezin iragarri! Baina bai ikusi, ostera, tradiziozko hainbat uniformedun bizkarraren alardea eginez, bide nagusiari bizkarra eta aurrez aurreko harresiari begirada emanda. Hori bazi, baztertzaileak bazterrean, hormari begira. Nola-bide kontua!

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
