Eli PAGOLA

Nekazarien bizkar doa ekoizpen kostuak salmenta prezioa gainditzea

Biolur Nekazaritza Ekologikoko Elkarteak baratze ekologikoen bideragarritasuna aztertu du hamar etxaldetan, hamar produkturen gaineko jarraipen zehatza eginez. Ane Gorosabelek eta Iker Yurrebasok, ikerketa honetako datu eta esperientzia bilketan aritu ziren nekazarietako bik, hitz egin zuten NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan.

Ane Gorosabel, ikerketan parte hartu duen nekazarietako bat, 2020ko irudi batean.
Ane Gorosabel, ikerketan parte hartu duen nekazarietako bat, 2020ko irudi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ane Gorosabel da Duina izena jaso duen ikerketan parte hartu duen nekazarietako bat. Duela bederatzi urtetik du ortua Bergaran, eta barazki ekologikoak ekoizten ditu han. Dioenez, ortu txikiarekin hasi zen eta pixkanaka joan da handitzen, bere neurriko lekura heldu arte.

Iker Yurrebaso da bigarrena. Hamar urte daramatza Igorren duen ortua lantzen, eta ekoizpen nagusi ditu barazki ekologikoak, frutak, zukuak eta marmeladak.

Bata zein bestea, poliki-poliki joan dira euren proiektuak egonkortzen. Esaterako, bergararrak dio laugarren urtean lortu zuela %100 baratzetik bizibidea osatzea, ordura arte kanpoko lanekin konbinatzen zuen, argi zuelako «honetara dedikatu nahi zuela» eta, esperientziarik izan ez arren, «oso burugogor» ekin zion.

ZAILTASUN UGARI

Bi nekazariek aipatzen dutenez, lanaldia ez da sektorera hurbiltzeko zailtasun bakarra, lurrerako sarbidea izatea ere ez da batere erraza. Lursailen prezioen gorakada eta errentagarritasuna medio, inbertsio handia da partzela bat lortzea. Horrela, ia ezinbestekoa bilakatzen da zer landua etxetik jasotzea. Duina ikerketan parte hartu duten bi nekazari hauen kasua da hori, biek ere etxeko lurrak lantzeko aukera izan baitute. Yurrebasok esan du «etxean beti ekoitzi izan dutela fruta» eta horrela sartu ahal izan zela sektorean. Beste lursail txiki bat alokatuta du, baina gehienak «familiako lurrak» dira. Gorosabelen kasuan, gurasoak nekazariak ez izan arren, aitona-amonak artzainak ziren eta, beraz, «suertea» izan duelakoan dago, hasteko «zelaia eta traktore txiki bat» bazuelako, «ez jabegoan baina bai familian».

Gorosabelek azpimarratu du Biolurreko kide izatea oso lagungarri zaiola nekazaritza ibilbidean, eta elkar osagarriak zirelako erabaki zuela Duina ikerketan parte hartzea, alegia, berak zer ikasia izateaz gain, ofizio bizigarria izan dadin badagoelako zer indartua. Yurrebaso, aldiz, ez da elkarteko kidea. Batzar ireki batean eskaini zioten baratzeen bideragarritasuna oinarri duen ikerketan parte hartzea, eta hortik sortu du aurretik elkartearekin ez zeukan harremana.

Ikerketak iraun artean, 2021ean, nekazariei egokitu zitzaien egunero datu bilketa egitea, ondoren, erregistro horietatik, datuen azterketa egin zedin. Kontabilizatu dutena da zenbat lanordu eta zertan sartu dituzten, Gorosabelen arabera, «oso desglosatuta» jaso ere. Horrez gain, plangintza ere erregistratu dute: zenbat produktu landatu den, bakoitzari emandako azalera, kiloka zenbat saldu den, eta abar. Bergararrak aitortu du, antolakuntzak erreminta guztiak eskura jarri badizkie ere, «pixka bat zoramena» izan dela. Paraleloki, beste talde batek jardun du datu guztiak desglosatzen eta irakurketari forma ematen.

IKERKETAK AZALERATU DUENA

Ikerketa bitartean arreta eman dien agerpenik izan ote den galdetuta, Gorosabelek dio harrigarria izan dela ikustea produktuak jaso eta saltzeari zenbat denbora eskaintzen dioten eta, aldiz, belarra kentzeari edo jorratzeari nola eskaintzen dioten uste baino gutxiago. Yurrebaso, berriz, ez du ezustean harrapatu ikusteak zenbait produkturen salmenta prezioa ekoizpen kostuen azpitik dagoela, esaterako, lekena, ilarrena eta piperrena. Era berean, ez du inondik inora harritu jakiteak «erabakitakoak baino ordu gehiago» sartzen dituztela lanean.

Gazitik ere izan badu, erreparorik gabeko «gardentasun ariketa» bat izan dela nabarmendu du Gorosabelek, inork ez duela arazorik izan datu laboral intimoenak mahai gainean jartzeko eta ederra izan dela berrestea «elkarren konpetentzia beharrean, aliatu, lagun eta konfidente» direla.

ETORKIZUNA EZ DA SAMURRA

Prozesu horren ondoren, nekazariek ere atera dituzte euren ondorioak, izan ere, bakoitzak txosten propioa jaso du. Hein batean, lehen jakina zena baieztatu da, alegia, lan-karga ikaragarria dela «bai fisikoki, bai ardura aldetik» eta egunerokoan nekazaritzaz aparteko beste hamaika lan daudela egiteko. Yurrebaso ohartu da prezio batzuk igo egin behar direla «inongo konplexurik gabe» eta teknikoki badagoela zer hobetua, besteak beste, dentsitateari dagokionez, eta tratamenduei arreta gehiago jar dakiekeela. Alde negatiborik ere atera du arratiarrak, egoera prekarioa dela eta, «bideragarritasuna nahiko kolokan» dagoela antzeman baitu. Bide horretatik, Yurrebasok ez du «etorkizun samurra» ikusten.

Kontuak kontu, nekazariek hautatutako bideari segi nahi diote, bertan bizi nahi dute eta, gainera, uste dute jende gehiago gehitu daitekeela bizibidera etorkizunean. Horretarako, baina, erabaki eta neurriak hartzeke daudela uste du Gorosabelek (egun, prezio kostua altuagoa da salmenta prezioa baino, eta hori nekazarien soldaten eta lanorduen bizkar orekatzen da), eta ikerketa honekin galdera zabaldu nahi dute: «Nork jarriko ditu baldintzak mahai gainean?».