Asier AIESTARAN
PILOTA

Peña eta Mariezkurrena freskoago iritsi dira partida erabaki duen azken zatira

Bikote gazteak Urrutikoetxea-Albisu bikote beteranoak baino hobeto eutsi zion fisikoki asko gogortu zen Beotibarreko neurketari. Gorriak 14-12 aurretik ziren, baina 15-22 galdu zuten 1-10eko azken partzial baten ondoren.

Jon Ander Peña, Tolosako partidan pilota astintzeko prest, atzean Mariezkurrena eta Albisu begira dituela.
Jon Ander Peña, Tolosako partidan pilota astintzeko prest, atzean Mariezkurrena eta Albisu begira dituela. (Jon URBE | FOKU)

Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak 15-22 menderatu zituzten atzo Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zen Binakako Txapelketako partidan. Neurketa oso parekatua izan zen, asko gogortu zena, eta azken txanpara freskoago iritsi izanak eman zien garaipena gazteei.

Peña eta Mariezkurrena oso faborito irten ziren apustuetan. Berriozarreko atzelariak egin duen uda aparta ikusita, txapelaren borrokan egoteko bikotea dela esan liteke, baina atzo lan asko egin behar izan zuten garaipena lortzeko. Urrutikoetxea eta Albisu beteranoek, aldiz, zalantza gehiago sortzen dute, baina oso gogotsu irten ziren kantxara, bizi jokatzen eta itxura oso ona ematen, eta hasieratik neurketa oso parekatua ikusi genuen.

Piloteoan gehiagotan agindu arren, lehen zatian Jon Ander Peñak denetik izan zuen, egindako tantoak bai baina galdutakoak ere dezente. Eta gorriak, aldiz, oso zuzen jokatzen ekin zioten demari. Berdinketak izan ziren 3an, 6an, 7an, 8an, 9an eta 11n, eta lehen etenaldi luzera 11-12ko emaitzarekin iritsi zen norgehiagoka. Erremate ederrak ere izan ziren eta jendeak gozatu egin zuen.

ALBISU BEHARTUTA

Atsedenalditik bueltan ere urdinek agintzen jarraitu zuten piloteoan, eta Jon Ander Albisuri lana pilatzen joan zitzaion. Kantxan asko ibili behar izan zuen aurrera eta atzera, gehienetan oso txukun defendituz gainera, baina lehenago edo beranduago nekea agertuko zela pentsatzekoa zen. Gorriek erronkari oso ongi eutsi zioten 14-12kora arte, baina emaitza horrekin apustuek urdinen alde jarraitzeak zerbait esan nahi zuen. Eta ez ziren erratu.

Izan ere, hortik aurrera neurketa apurtu egin zen. Ez horrenbeste jokoan, oraindik tanto gogor dezente jokatu zituztelako lau protagonistek, baina bai markagailuan, tantoak bata bestearen atzetik urdinen alde erortzen joan zirelako. Aipatutako 14-12ko horretatik azken 15-22kora arte partziala 1-10ekoa izan zen, adierazgarria benetan.

«Lasai hasi naiz. Banekien partida asko gogortuko zela eta lehen tantoetan pilota ez galtzera joan naiz, seguru jokatzera. Gero beraiek behera egin dute eta ni, aldiz, oso fresko iritsi naiz bigarren zatira, eta uste dut hor egon dela gakoa», onartu zuen Jon Mariezkurrenak neurketa amaieran, 23 urte bakarrik izan arren sekulako esperientzia erakutsiz.

Jon Ander Peña ere pozik agertu zen: «Erdialdera arte huts batzuk egin ditut, baina hortik aurrera Jonek sekulako maila erakutsi du eta nik ere gehiago asmatu dut. Beraiek behera egin dute fisikoki eta hori baliatu ahal izan dugu».

Binakako Txapelketako lehen jardunaldia asteazkenean amaituko da Eibarren, San Andres egunez, Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaletaren arteko partidarekin. Hori bai, Jokin Altunak eskuina minduta du eta ez dago batere argi jokatzerik izango duen.