Amaia ZURUTUZA

EHEk Euskararen Errepublika eraikitzeko sare bat sortu nahi du

Euskal Herrian Euskarazek komunitatearen bilkura egingo du bihar Senperen, “Astindu” hausnarketa prozesuaren ondotik abiatu duen etapa berriari forma ematen hasteko. Euskararen Errepublika sortzea du xede. Intza Gurrutxaga kideak azaldu dio NAIZ Irratiari.

EHEk ofizialtasunaren alde egindako manifestazioa, joan den abenduan, Iruñean.
EHEk ofizialtasunaren alde egindako manifestazioa, joan den abenduan, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Larunbat honetarako hitzordua jarria du Euskal Herrian Euskarazek Senperen; komunitatearen bilkura egingo du. Mugimenduaren oinarri ideologikoak eguneratu zituzten “Astindu” hausnarketa prozesuan, eta fase berri bat hasi zuten. Bertako lehen bilkura izango da biharkoa.

Intza Gurrutxaga EHEko kidea NAIZ Irratiarekin solasean aritu da, Euskararen Errepublika helmuga gisa hartuta, zehaztu dituzten zereginen inguruan. «Jendartean eraldaketa bat egon da, eta EHEk ere erantzun behar zuen. Etorkizunari begira lan ildo berri batzuk zehaztu eta militantzia ereduak aldatu diren bezala, antolakuntza ereduak ere berrikusi», esplikatu du.

2021eko abenduan Durangon egin zen mobilizazioan aldarrikatu zuten gisan, Euskararen Errepublika sortzea dute xede, eta hori lortzeko bidean lan-ildo eta zeregin batzuk zehaztu dituzte.

«Antolaketa eredu tradizional batetik sare edo komunitate eredu batera pasatu gara. Lehen herrika eta herrialdeka osatzen ziren taldeak, eta hala funtzionatzen zuten. Orain, nazio lantaldeak osatu ditugu; beraz, herrialde ezberdinetako kideek nazio lantalde horietan egiten dute ekarpena, eta ikuspegi malguago batekin funtzionatzen dugu».

Euskararen Errepublika eraikitzeko bidean aurrerapausoak ematea da asmoa. Horretarako antolatu dituzte, udazkenerako, Euskaltzale Independentisten Topaketak.

Udazkeneko topaketak

Euskaltzaleak eta independentistak elkartuko dira. Hausnartzea da ideia, euskalgintzatik independentismoari zein ekarpen egiten ahal dizkieten, zein zailtasun dituzten euskalgintzan, eta horiei nola erantzun. «Indarguneak ere begiratuko ditugu, eta batez ere sare bat sortu nahi dugu hainbat borrokatan dabiltzan kideekin, Euskararen Errepublika eraikitzeko ildoak zehazteko».

Euskararen aldeko borrokan garai gorabeheratsuak bizi ditugu. Azkenaldiko euskararen aurkako erasoak oldarraldi judizial bidez iritsi dira. «Bai espainiar bai frantziar estatua bide judiziala erabiltzen ari dira hizkuntza politikak egiteko, eta hor erantzun tinko bat eman beharra ikusten dugu».

Bestetik, EAEko Hezkuntza Legearen zehaztapena ezagutzea espero da datozen asteetan. Lege aurreproiektuari gabezia batzuk ikusten dizkio Euskal Herrian Euskarazek. Kontseiluaren irakurketa ere hortik zihoan, zehaztapenak falta zirela zioen.

«Iruditzen zaigu murgiltze eredua beharrezkoa dela eta gainontzekoak bertan behera utzi behar direla, frogatu delako ez dutela balio izan euskalduntzeko. Orain urte batzuk, 1983-2016 bitartean, 200.000 ikasletik gora euskaldundu gabe geratu zirela ikusi genuen ikerketa baten bidez. Horren aurrean ez du erantzun tinkorik ematen aurreproiektuak eta zehaztapenak falta dira», azaldu du Gurrutxagak.

EHEren arabera, honakoak gutxienez jaso behar ditu Hezkuntza Legeak: Euskal curriculumaren garapena Euskal Herri osoaren ikuspegitik, euskal kulturaren transmisioa, eta euskararekiko atxikimendua bultzatzen duen proiektu bat, «euskararekin batera euskal kultura transmititzea ezinbestekoa delako, erabilerarako motibazioa sustatzeko».

Baliabide gutxiago dutenei gehiago eman behar zaiela ere uste dute, etxean euskara jaso ez dutenei, adibidez.

Ofizialtasunaren alde

Ofizialtasunaren aldeko kanpaina abian dute Nafarroan. «Joan den abenduan Iruñean egin genuen elkarretaratzea, ofizialtasuna aldarrikatuz herrialde osoan», oroitu du EHEko kideak.

«Zortzi urte dira Nafarroako testuinguru politikoa aldatu zela, baina legez ez da aldatu; hiru zatitan banatzen da herrialdea eta herritarrei hizkuntz eskubide batzuk ukatzen zaizkie». Intza Gurrutxagak defendatu duenez, datorren legealdiak hori aldatzeko garaia izan behar du.