EAEk %8,4ko langabezia tasarekin amaitu du 2022. urtea
2022ko laugarren hiruhilekoan EAEko biztanleria okupatuak %0,5 behera egin du, eta langabezia tasa %8,4ra igo. Azken urtean gora egin du okupatuen kopuruak: 17.100 gehiago dira; eta behera langabeen kopuruak, 15.000 gutxiago. Langabezia tasa % 1,5 behititu da.

EAEko lan-merkatuari buruzko 2022ko laugarren hiruhilekoko datuek erakusten dute 4.600 okupatu gutxiago daudela EAEn, eta 6.100 langabe gehiago aurreko hiruhilekoan baino, Eustaten datuen arabera. Langabezia tasa %8,4koa da, 2022ko hirugarren hiruhilekoan baino ehuneko puntu erdi altuagoa. Azken urtean langabezia tasak 2021eko laugarren hiruhilekoko %9,9tik 2022ko laugarren hiruhilekoko %8,4ra egin du behera, ehuneko 1,5 puntu behera.
Lurraldeen arabera, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian okupazioak behera egin du, 3.000 pertsona gutxiago dira; Gipuzkoan, 1.000 gutxiago; eta Araban, 600 gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 4.500 okupatu gutxiago daude; eta Gasteizen, 700 gutxiago; baina Donostian, 500 gehiago. Okupazioaren beherakadarik handiena gizonen artean gertatu da (-4.100); emakumeen kasuan, 400 okupatu gutxiago daude.
EAEko biztanleria okupatuak behera egin du industrian, 3.400 okupatu gutxiago baitira (-%1,7); zerbitzuen sektorean, 3.100 gutxiago (-%0,4); lehen mailako sektorean, berriz, 200 gehiago (+%2,2) dira; eta eraikuntzan, 1.600 gehiago (+% 2,8).
Lurralde historikoei dagokienez, okupazio tasa altuena Gipuzkoakoa da, %71,5ekoa, eta aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,3 puntu gutxiago. Ondorern, Arabakoa, %69,2koa, aurreko hiruhilekoaren parean. Eta, azkenik, Bizkaikoa; bertan, okupazio tasak ehuneko 0,1 puntu egin du behera (%68,9ra iritsi da).
Soldatako pertsonen kontratazio modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta 19.800 gehiago dira; eta aurreko urtearekin alderatuta, 61.400 pertsona gehiago.
Emakumeen laganbezia
EAEko langabe kopurua 2022. urteko laugarren hiruhilekoan, 88.500 dela kalkulatzen du Eustatek, aurreko hiruhilekoan baino 6.100 pertsona gehiago. Emakume langabeen kolektiboa 46.300 pertsona dira, orotara; izan ere, 4.300 pertsonatan egin du gora, eta gizonezko langabeen kopuruak 1.800; guztira, 42.200era arte hiruhilekoan.
2022ko laugarren hiruhilekoak %8,4ko langabezia tasa du, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko puntu erdi gehiago. Emakumeen langabezia tasa %9,1ekoa da (ehuneko 0,8 puntu gehiago). Gizonezkoenak ehuneko 0,4 puntu egin du gora, %7,8ra arte.
Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle okupatuen kopuruak %1,8 egin du gora, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta (17.100 pertsona gehiago, hain zuzen ere), eta langabezia tasak ehuneko 1,5 puntu egin du behera (%9,9tik %8,4ra). Beraz, 15.000 pertsona gutxiago daude langabezia egoeran EAEn, 2021eko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
