Txapartegiren aurkako auzia amaitu da, tortura jasan zuela gogora ekarrita
Bete beharrik izango ez duen sei hilabeteko espetxe-zigorra jasota amaitu da Nekane Txapartegiren auzia, mende laurdenez bere aurkako jazarpena jasan ostean. Torturatua izan zela gogorarazi dio asteasuarrak epaileari, eta konponbide hau Fiskaltzak atzera egin izanak ahalbidetu duela.

Mende laurdenez jasan ondoren, Nekane Txapartegiren aurkako jazarpenak bukaera izan zuen atzo Auzitegi Nazionalean. Sei hilabeteko zigorra ezarri zioten azkenean, agiriak faltsutzeagatik, eta ez du betetzeko beharrik izango. Aurretik, hamabost urtez, espetxe zigor bati iskin egin dio asteasuarrak, Suitza bizitoki hartuta, eta ihes egin izanaren akusazioa ere zuzendu zioten. Azkenean, konponbidea eman diote auziari eta duela hamar hilabetetik Euskal Herrian egoteko arazorik ez du Txapartegik.
Hori guztia bizkarrean daramala, epaileari zenbait aipamen egin nahi izan zizkion Txapartegik, baita lortu ere, NAIZek jakin ahal izan duenez. Lehena, bere garaian ezarri zioten kondenak torturapean egindako adierazpenetan oinarritua zela. Berriz torturatua ez izateko alde egin zuela azaldu zuen ondoren. Epaileak utzi zion mintzaldia bukatzen.
Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloko Aretoan Txapartegik gehitu zuenez, azkenean Fiskaltzak ETArekin lotzeko saiakerari uko egiteak ekarri du oraingo konponbide hau, eta horretarako Suitzan egindako lan guztia erabakigarria izan da. Bere alaba bitan aipatu zuen Nekane Txapartegik epailearen aurrean. Izan ere, bien bizitza guztiz baldintzatu du orain arte espainiar auzitegiek abiatutako jazarpenak.
Aurrekariak
18/98 auzia da arazo luze honen abiapuntua. Horren barruan Guardia Zibilak atxilotu eta bortizki torturatu zuen. Epaiketan hamaika urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea egotzita: gero delitua aldatu zuen Gorenak, ETAri laguntza ematea leporatuta, eta zigorra sei urte eta bederatzi hilabetera murriztu zuen.
Txapartegi Suitzan gorde zen, 2007. urtean, eta espainiar auzitegiek jazarpena indartu zuten, orduan berriro ETAn sartu izana leporatu nahian. Behin eta berriz saiatu ziren Nekane Txapartegi Espainiaratzen, eta Suitzan kartzelatzea lortu zuten, baina estraditatzea ez.
2015ean legea aldatzeak zertxobait leundu zuen egoera. Ondorioz, 2017. urtean 18/98ko zigorra agorturik zegoela onartu zuen Auzitegi Nazionalak eta Suitzan aske utzi zuten Txapartegi.
Hurrengo urratsa iazko apirilean heldu zen. Espainiako epaitegi berezian agertu zen asteasuarra, bere abokatu Iñigo Iruinek lagunduta, eta bere kontrako akusazio bakarra jada agiriak faltsutu izana zela egiaztatu zuen. Hortik aurrera, Suitzan edo Euskal Herrian azkenean libre bizitzeko aukera izan du, eta orain zigor honekin ixten da jazarpen zikloa.
Iazko apirilean etxera bueltan zela NAIZ Irratian egindako elkarrizketan azaldu zuen bizitakoa: «Nire baitan, askok bezala, konponbide politiko eta kolektibo baten ondorioz egun batean denak aske bueltatuko ginela uste nuen. Ez da horrela izan, Auzitegi Nazionaletik pasatuta izan da. Baina are gutxiago izan da Estatu espainolak nahi zuen bezala, atxilotuta. Harro nago».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
