Jon ORMAZABAL
PILOTA

Finala, La Cartujatik 920 kilometrora

Etxeberria eta Ezkurdia, elkarren aurka.
Etxeberria eta Ezkurdia, elkarren aurka. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafar gehienen gogoa, eta baita nafar asko ere, La Cartujan egongo diren arren, handik 920 kilometrora, Iruñeko bihotzean, lagunen, ia anaien, arteko finala jokatuko dute, halakorik existitzen bada, gaur arratsaldean Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak Labriten. Ligaxka batean egon arren, zenbakiak argiak dira eta bietatik 22ra iristea lortzen duenak Jokin Altunaren aurkako Buruz Buruko finalerdietarako txartela eskuratuko du; galtzaileak agur esango dio lehiaketari.

Futbolak gaur egun duen indarrarekin, ikusteko zegoen normalean horren itxura ederra izaten duen Bonboneran zenbat jende bilduko ote zen eta, betekadarik espero ez bada ere, pilotaleku iruindarrak sarrera polita izango duela dirudi, 100 bat sarrera baino ez baitziren geratzen saltzeke atzo arratsaldean eta bigarren eta hirugarren solairuetan ez zen lekurik geratzen.

FABORITO ARGIRIK GABE

Izan ere, asko izango da jokoan eta partida estua espero da, nahiz eta orain arte ikasleak sekula ez duen irakaslea gainditu. Baina egia da ere orain artean elkarren arteko buruz buruko partida guztiak kaiola barruan izan direla eta jakina da, normalean, erosoago sentitzen dela Joseba Ezkurdia lau eta erdiaren barruan, nahiz eta bere gorputz handiak bestelakorik iradoki.

Gainera, sakandarrak zalantzaz beteta ekin zion aurtengo lehiari, txapelketa hasi baino aste bat lehenago bikian lesio bat izan ostean. Darioren aurkako lehen partidak ere duda horiek handitu baino ez zituen egin, errioxarra erraz nagusituta, baina arbizuarrak fisikoki gora egin du; «pilota gosea» ere berreskuratu omen du eta Ezkurdia beti da oso kontuan izateko pilotaria, edozein distantziatan.

Hala uste du Peio Etxeberriak ere; aurkaria «tapatuta bezala» heldu arren oso arriskutsua dela esan zuen asteazkeneko material aukeraketan. Bi pilotariek antzeko emaitzak lortu dituzte final-laurdenetako ligaxkan, biek galdu zuten Darioren aurka eta, Jakari irabazita, azken aukera hau izango dute. Gaur bakarrak egingo du aurrera, kirolak ez baitio adiskidetasunari begiratzen.