Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Donostiako Ospitalean dago Ion Aranburu eta «asko hobetu du»

Ostegunean komatik atera zen eta ostiral arratsaldean Burgosko ospitaletik Donostiakora mugitu zuten Ion Aranburu. Familiak berarekin egoteko aukera izan zuen ordubetez eta bere osasun egoerak «asko hobetu» duela esan zuten. Astelehenean bilduko dira medikuarekin.

Hilaren 15ean erasoa salatu zuten Donostian.
Hilaren 15ean erasoa salatu zuten Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Maiatzaren 27an Sorian eraso faxista jasan zuen donostiarra, Ion Aranburu, Donostiako Ospitalean dago ostiraleko gauaz geroztik, eta «asko hobetu da» bere osasun egoera, familiak GARAri konfirmatu zionez.

Ostiralean 19.30ak aldera jakinarazi zieten senideei Donostiara mugituko zutela, David Aranburu anaiak adierazi zuenez. Donostiarrak «arazorik gabe» eta «esna» egin zuen Burgostik Donostiarako bidea, eta familiak berarekin egoteko aukera izan zuen, 22.00etatik 23.00etara arte. «Estimuluak ditu, esna dago. Asko hobetu du. Broma bat edo beste ere egin zuen», kontatu zuen anaiak.

Pozik dira senideak Ion Aranburu Donostian dagoelako. «Egunero Burgosera joatea oso gogorra da. Lanera joateari utzi behar diozu, besteak beste, Burgosera joateko. Gainera, ama heldua da», azaldu zuen David Aranburuk.

Familia astelehenean bilduko da 44 urteko donostiarra artatuko duen medikuarekin eta, beraz, orduan izango du haren pronostikoari buruzko berri gehiago. Hala ere, Irati Aranburu lehengusinak asteon NAIZ Irratian jakitera eman zuenez, Burgosen medikuek esan zieten jipoiak gerora donostiarrarengan eragin ditzaken ondorio fisiko eta kognitiboak epe luzera antzemango dela.

ERASOA

Cornella eta Numancia taldeen arteko partidaren aurretik egin zioten eraso Aranbururi, Sorian. Leganes eta Orgullo Numantino talde ultretako 50 kide inguruk jipoitu zuten, konorterik gabe utzi arte. Egoera kritikoan eraman zuten Burgosko Ospitalera, eta koma egoeran sartu zen. Pasa den ostegunean esnatu zen azkenean.