GARA
IRUÑEA

Gobernuak eta EHNEk erreleboa sustatzeko kanpaina abiatu dute Nafarroan

EHNE sindikatuak eta Gobernu nafarrak atzo Iruñean aurkeztutako proiektuak helburutzat ditu landa lana duintzea eta lehen sektorea lanerako aukera erakargarri gisa baloratzea, Nafarroako nekazaritzan genero berdintasuna sustatzea eta elikadura onaren inguruko kontzientzia politikoa hartzea.

Astelehen honetako agerraldian lehen sektoreko zortzi profesionalen iritziak biltzen dituen dokumental txiki bat proiektatu zuten. «Komunikazioan eta gizartean protagonismo berezirik ez duen lanbide bat ezagutarazi nahi dugu». Bideo horretatik abiatuta, EHNE-Nafarroak «helburu nagusitzat» hartu du datorren ikasturtean nekazaritzaren etorkizunarekin lotutako jarduerak egitea, «elikadura subiranotasuna bezalako kontzeptuak landuz eta belaunaldien erreleboa bultzatuz».