Donostiako erdiguneraino ere eraman dute traktoreen protesta
Nekazarien eta abeltzainen protesta Gipuzkoako errepideetara ere heldu zen atzo. Sare sozialen bitartez koordinatutako ekimenean, Andoainen elkartu eta N-I errepidetik Donostiako erdigunera heldu ziren, Diputazioaren aurrean protestatzeko. Eider Mendoza ahaldun nagusiarekin bildu eta euren aldarrikapenen berri eman zioten.

Lapurditik Arabara, Arabatik Nafarroara, Bizkaian gero, eta Gipuzkoan atzo. Dozenaka nekazari eta abeltzainek traktoreak errepidera atera zituzten atzo. Andoainen bildu ziren eta N-Ietik abiadura motelean abiatu ziren goizean Donostiarako bidean, eta trafiko pilaketak sortu zituzten.
Beste herrialdeetan gertatu den bezala, Gipuzkoako lehen protesta hau ez zuten sindikatu nagusiek bultzatzen, sare sozialen bidez harremanetan dauden langileek baizik. EHNE eta ENBA nekazaritza arloko sindikatuek martxoaren 1etik aurrerako deitu dituzte ekimenak, joan den asteburuan jakinarazi zutenez.
Donostiako erdigunera heldu ziren traktoreak atzo, Diputazioaren aurrean protesta egiteko. Horretarako, Zarautz ingurutik abiatutakoekin Usurbilgo Urbil merkataritza gunean elkartu ziren. N-634 errepidean ere auto-ilarak eragin zituzten. Antiguatik eta Kontxako pasealekutik sartu ziren Donostia erdialdera.
Gipuzkoa Plazan Eider Mendoza ahaldun nagusiarekin eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin bildu eta beren kexen berri eman zieten; esaterako, kostuei aurre egiteko arazoak dituztela eta burokrazia gehiegi jasan behar dutela. Sindikatuen kontrako hitzak ere bota zituzten, kexen aurrean entzungor egiten dutela nabarmenduz. Plazan ez ezik, Idiakez eta Okendo kaleetan utzi zituzten traktore eta motozerrekin zarata egin zuten.
«GEROZ ETA TRABA GEHIAGO»
Aiako Joseba Pagadizabal baserritarra izan zen atzoko protestako eleduna. «Geroz eta traba, kezka eta lege gehiagori egin behar diogu aurre», salatu zuen. Sektorearen etorkizuna salbatzea dutela helburu esan eta kutsatzaile ospea jarri dietenen aurka egin zuen.
Azpeitiko Amaia Segurolak, berriz, produkzio kostuen azpitik erostea debekatzen duen legea betetzen has dadila eskatu zuen, eta kanpoko produktuak erostea bertakoen kalterako dela azpimarratu zuen elkarretaratzean.
«Gipuzkoa osoko baserrietako jendea elkartu gara gure ezinegona azaltzeko», adierazi zien komunikabideei Jokin Urretabizkaia Donostiako Basozabal auzoko abeltzainak. «Sektorea aspalditik dago gaizki», gaineratu zuen.
Mendozak azpimarratu zuenez, «ezinbestekoa da baserritarrek beraien lana baldintza duin eta ekonomikoki bideragarrietan egin ahal izatea. Errentagarritasunaren erronkan faktore askok eragiten dute, hala nola Europako nekazaritza-politiken zurruntasunak, gehiegizko burokraziak eta bete beharreko baldintzek, edo produktuak saltzerakoan batzuetan kostu ekonomikoak kubritzeko behar dena ez ordaintzeak».
«Aldundiak bere gaitasunen eta eskumenen barruan dagoen guztia egiten» jarraituko duela adierazi zuen, «nahiz eta Europako nekazaritza politikan eragiteko dugun ahalmena oso mugatua izan».
Azkenik, azpimarratu zuen Aldundiak «oso harreman hurbila, zuzena eta oso ondo egituratua» duela «urte askotatik sindikatuekin eta lehen sektoreko eragileekin; ez bakarrik eguneroko jardunean; partaidetzarako gune berritzaileak ere baditugu, lehen sektorearen etorkizuna denon artean definitzeko».
Hori dela eta, mobilizazioetan parte hartu zutenei dei egin zien «gune horiekin bat egitera eta beren kezkak eta eskaerak haien bitartez bideratzera. Oso lurralde txikia gara. Sektorea ere halakoa da».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
