Zubia behea jota, ETA sei desagertu

Baltimoreko bi kilometroko zubia erori da, kargaontzi batek jo ostean. Bi pertsona erreskatatu zituzten eta sei desagertuta daude.

Baltimoreko zubia erori zen, zamaontzi batek jota.
Baltimoreko zubia erori zen, zamaontzi batek jota. (Tasos KATOPODIS | FOKU)

1977an eraiki zuten Baltimoreko zubia, bi kilometro eta erdi ditu luzeran eta Patapsco ibaiaren bi ertzak lotzen ditu. Burdinaz egindakoa da eta sendoa dirudi, baina atzo zamaontzi batek jo eta erori egin zen. Sei pertsona desagertuta zeuden lerro hauek idaztean. Marylandeko gobernadoreak, Wes Moorek, ziurtatu du zamaontziak larrialdi abisua eman zuela, «propultsio akats batengatik». Larrialdi-zerbitzuek eta agintariek bi pertsona erreskatatu zituzten, eta, nahiz eta hasiera batean 20 pertsona desagertu zirela esan zuten, gero sei baino ez zirela baieztatu zuten. Zubian zeuden mantentze-lanetako langileak izan dira biktimak, jakinarazi dutenez. Alerta garaiz iritsi zen bertan barneratzen ari ziren ibilgailuak desbideratzeko, eta, horri esker, hainbaten bizitza salbatu ahal izan da. Hiriko suhiltzaileen buruak tokiko hedabideei jakinarazi zienez, bi pertsona erreskatatu dituzte; bat onik zegoen eta ez dute artatu beharrik izan; bestea, berriz, ospitalera eraman dute eta larri dago. Tenperatura baxuek (9 gradu ingurukoak) uretara erori direnen bizitza arriskuan jartzen dute, hipotermia eragin baitezakete tenperatu horiek uretan.