Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Larrialdiak larri

Larrialdietan pentsatzen dugunean, ziurrenik burura datorkigun lehenengo gauza ospitale bat da, denoi egokitu baitzaigu noizbait zerbitzu horretara jotzea itxaron ezin duen osasun-arazo batek sortutako kezkaren ondorioz. Gainera, aldiro-aldiro, Larrialdiek gainezka egin dutelako ardura pizten da. Izan ere, egoera horrek segurtasun eza nabaria sortzen du herritarrengan, unea iristen denean behar den arreta ez jasotzeko beldurra baitago. Egonezinerako arrazoiak badira ere, horiek ez dira kezkatu behar gaituzten larrialdi zerbitzu bakarrak.

Gizarte-zerbitzuen eremuan, hain zuzen ere, larrialdiek funtsezko zeregina dute. Kasu horietan, babesgabetasun larriko egoeran dauden pertsonen premiak betetzea dute helburu. Badira kasuak non premiazko eta berehalako esku-hartzea behar den, sare sozialen edo familiarren laguntza ere ez dagoelako. Helburua, horietan, oinarri-oinarrizko premiak asetzea da, hala nola ostatua, mantenua edo jantziak; baita arrisku-egoerei aurre egiteko bideak eskaintzea ere (indarkeria matxistako erasoak izateko arriskua, adingabeen aurkako tratu txarrak, etab.). Larrialdi medikoekin gertatzen den bezala, ezinbestekoa da hauek une oro eskuragarri izatea eta gainerako zerbitzuekin ondo koordinatuta egotea. Azken batean, oinarrizko eskubideak ahalik eta azkarren betetzea da kontua, kalte larriagoak ekidinez.

Larrialdi zerbitzu mota biak funtsezkoak diren arren, argi dago zaila egiten zaigula oraindik ere gizarte-larrialdiko zerbitzuaren beharra dutenekin enpatia bera izatea edo euren tokian erraz jartzea. Horren adibide da Bilbon une honetan gertatzen ari dena: hilabete eta erdi itxaron behar da ostatu, jantoki edo arropa behar dutenek lehengo arreta izateko. Egoera pentsaezina Gizarte Larrialdietako Udal zerbitzua deritzon zerbaitetan. Eta onartezina, oinarrizko eskubideak bermatzea helburu duten zerbitzuen narriadura jarraitua ikustea. Esan ohi da gizarte bat zelakoa den jakiteko bere kide ahulenekin nola jokatzen duen begiratu behar dela. Horrela balitz, gurea bai irudi tamalgarria.