Gaizka IZAGIRRE
FREUD’S LAST SESSION

Azken saio astun samarra

Oso erakargarriak iruditzen zaizkit eszenatoki bakar batean eta pertsonaia gutxi batzuekin girotzen diren filmak; ‘‘Sleuth’’ (Joseph L. Mankiewicz, 1972), ‘‘Carnage’’ ( Roman Polansky, 2011) edota ‘‘Mass’’ (Fran Kranz, 2021), esaterako. Antzerki kutsua duten filmak izaten dira eta indar berezia jartzen da aktoreen lanean, eta, jakina, gidoian eta eszenaratzean ere bai. Hiru horietako batek huts egiten badu, deskalabrua ziurtatua da. ‘‘Freud’s Last Session’’ filma ez da osoki eremu batean girotzen, baina bai gehientsuena. Bigarren Mundu Gerraren atarian gaude eta zahartzaroan dagoen Sigmund Freud psikoanalista aurkeztuko digu filmak, Anthony Hopkins-ek maisuki gorpuzten duena. Film (ia) osoak C.S. Lewis (Matthew Goode) idazlearekin duen elkarrizketa filosofikoa izango du oinarri.

Antzezpenaren alorra akasgabea iruditu zait, bi aktore protagonisten lana, eta gutxiago azaltzen den arren baita Jodi Balfour-ena ere, zorrotza eta sotila iruditu zait, elkarrizketak une oro ñabarduraz aberastuak daude. Fikziozko topaketa baten dramatizazioa da hemen planteatzen dena, eta horrek zalantza asko sortu dizkit. Gidoiak badu bere alderdi erakargarria, baina film hau gehiago irudikatzen dut taula gaineko antzeztoki batean, inolako erreminta zinematografikoren beharrik gabe eta iraupen askoz laburrago batez lagundua. Bi ordu pasatxo irauten ditu pelikulak, eta pertsonalki gehitxo iruditu zait, betelan larregi dago eta azpi-tramek narrazioa asko nahasten dute. Elkarrizketa ugari tartekatzen da filmean zehar; jainkoaren existentziaz dihardute, berak gure bizitzan izan dezakeen eraginari buruz nagusiki; horrek erabat gogaitu nau. Azken finean, bi pertsonaia historiko horiekiko interes berezia baduzue, akaso, filma gozatuko duzue; niri oso astuna egin zait, eta ikusteko zaila.