Peli LEKUONA
DONOSTIA

Lekukotasunen arabera, AHTren lanetan abusu etengabeak izan dira

Esklabotasun modernoaren pareko lan baldintzak, arrazakeria, drogak eta arriskuak nonahi. AHTren lanetan ibilitako pertsonen testigantzak dira. «Benetan Euskal Herrian XXI. mendean horrelakoak gertatzen ari dira?», galdetu du AHT Gelditu! plataformako Gorka Ovejerok; «gertatzen ari dira», baieztatu du NAIZ Irratian.

AHTren lanen gehiegikerien berri emateko, AHT Geldituk Iruñean egindako agerraldia. Lehen planoan, ezkerrean, Gorka Ovejero.
AHTren lanen gehiegikerien berri emateko, AHT Geldituk Iruñean egindako agerraldia. Lehen planoan, ezkerrean, Gorka Ovejero. (Iñigo URIZ | FOKU)

Abiadura Handiko Trenaren Euskal Herriko lanen gordintasuna erakuts dezaketen kontakizun batzuen berri eman zuen AHT Gelditu! plataformak joan den astean. Zehazki, azpiegitura erraldoiaren obretan aritu izan diren hiru langile ohiren testigantzak argitara atera zituen plataformak Iruñean egindako agerraldian. «Testigantzen arabera, abusuak oso larriak eta etengabekoak izan dira», Gorka Ovejero mugimenduko kideak atzo NAIZ Irratian azaldu zuenez.

Plataformarekin hitz egin duten hiru langileak «bota egin zituzten edo joan egin ziren» lan egiten zuten enpresatik, kontatu zuen Ovejerok, eta, hori dela-eta, «ausardia» izan dute bizitakoaren berri emateko eta salaketa jartzeko. Aukera hori ez dute, ordea, lanean jarraitzen duten askok.

«Lan baldintza oso gogorrak aipatzen dituzte, inolako segurtasunik ez, drogak, alkohola... Gero, ikuskaritza etortzen zenean, aurretik abisatu eta dena txukun mantentzen zuten», adierazi zuen AHT Geldituko ordezkariak. Gainera, ohartarazi zuenez, egoera bereziki lazgarria da «jatorri kanpotarra dutenekin, arrazakeria sistematikoa sufritzen baitute».

SALBUESPENA EZ, PARADIGMA

Tafallatik hurbil, Monte Planon eraikitzen ari diren tunel bateko langile ohi baten audio testigantzak gidari, Ovejerok langileek bizi duten egoera tamalgarriak aletu zituen. Aipatutako gehiegikerietan sakonduz, urpean zeuden kable elektrikoen manipulazioaz, suteez, kutsaduraz, substantzien erabilera orokortuaz edo miseriaren pare koka daitezkeen soldaten inguruan hitz egin zuen, ikusi duenari jarraiki. Egoera horiek salbuespenezkoak ez, baizik eta Euskal Herri osoan zehar AHTren obren paradigma direlakoan, honakoa galdetu zuen AHT Geldituko kideak: «Benetan Euskal Herrian XXI. mendean horrelakoak gertatzen ari al dira?». Eta testigantza horiek bezain gordina da erantzuna: «Gertatzen ari dira».

12, 14, 18 eta 20 ordu arteko lanaldien berri ematen du Tafallako tunelean lanean ari zen langile ohiaren audioak. «Langile gehienak kexu ziren, baina enkargatuak mehatxatu, iraindu eta umiliatu egiten zituen. Lan zehatz baterako kontratatzen zituzten, elektrikari edo mekanikari moduan, baina gero ezagutzarik ez zuten edozein lanetan jartzen zituzten; hori guztia, diesel makinekin, kutsadurarekin, hautsarekin, kearekin, kable elektriko bustiekin eta etengabeko arriskuekin. Inolako babesik gabe altueretara igotzen ziren, maskararik gabe. Langile batzuek beste enpresetako laneko jantziak eramaten zituzten, bertakoek ematen ez zietelako. Gauean alkohol, droga eta abusu asko izaten zen», deskribatzen du audioak.

Lekukotasunek aipatzen dute jasanezina zela enkargatuak bere taldetxoa izatea eta horiekin oso ongi moldatzea, besteei etengabeko abusuak egiten zizkien bitartean.

Kutsadura handia dela diote. «Tunelaren azpian isuri ezberdinen tonaka litro daude. Bisita instituzionala izan zenean, lan bereziak egin zituzten kutsadura ezkutatzeko. Baina ez dago segurtasunik. Olio isuriak egunero gertatzen dira, 400, 500, 600 litro olio isurtzen dira». Ovejerok baieztatu zuenez, halakoak gertatzen ari dira, eta ezinezkoa da politikariek ez jakitea.

Ustelkeria ere salatu dute langile ohiek. «Behar baino zuntz gutxiago erabiltzen da, kostuak puztu eta irabaziak handiagoak izan daitezen», azaldu dute. Benetan larria da hori, agerikoa baita behar teknikoak betetzen ez badira, egitura osoa kolokan jartzen dela.