Bakaikoa finalerdietan izango da aurten ere
Etxarriarrak 22-9 menderatu du Julen Egiguren final laurdenetako partida erabakigarrian, 16 tanto segidan eginez: 6-9tik zuzenean joan da 22-9ra.

Joanes Bakaikoa B Serieko Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietan izango da aurten ere, final laurdenetako partida erabakigarrian Julen Egiguren 22-9 menderatu ondoren. Tolosan jokatutako neurketaren hasiera parekatua eta nahiko gogorra izan bazen ere, bigarren erdian erabat apurtu zen eta etxarriarra, 16 tanto segidan eginez, 6-9tik zuzenean joan zen 22-9ra. Bakaikoak Iraitz Zubizarreta izango du aurkaria maiatzaren 16an, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko diren finalerdietan.
Egiguren hobeto sartu zen Beotibarko kantxara, eta lehen partzialean 0-4 aurreratu zen bi sake on eta airez jotako horma biko batekin. Bakaikoari kostatu egin zitzaion bere jokoa ateratzea lehen tanto horietan, eta sakez falta bat ere egin zuen. Egigurenek, bien bitartean, berera jarraitzen zuen eta, oso ongi jokatutako beste tanto sorta bati esker, 4-8 aurretik jarri zen. Bikain irekitako pilota batekin iritsi zen 6-9koa.
Baina ordurako Baikaikoa jokoan sartzen hasia zen. 5-8koa eta 6-8koa merituzko tantoak izan ziren, bata txokoan luze amaitua eta bestea zabalean goxo utzia. 7-9koa ere apuntatzekoa, aurkaria buruz gain pasatuta.
Eta hortik aurrera sakea bilakatu zen protagonista. Etxarriarrak lau tanto segidan egin zituen sakez, eta, zuzenean tantoa egin ez zuenean ere, bigarren pilotakadan min handia egin zion Egigureni.
Azpeitiarrak ez zuen asmatzen zaparradari nola erantzun. Aukeraren bat izan zuenean ere ez zen fin ibili, eta konturatzerako neurketa erabat apurtu zen. Azken partziala 16-0koa izan zen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
