«Pozik gaude, baina guk argi genuen torturatua izan zela»
Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabalek Guardia Zibilaren eskuetan zegoela torturatua izan zela onartzea pozgarria da Aiert Larrarte Sorzabalen abokatuarentzat eta Imanol Arzuaga Iratxeren Lagunak taldeko kidearentzat.
Hala adierazi zuten absoluzio epaiaren biharamunean NAIZ Irratiko uhinetan. Egin zizkieten elkarrizketetan, Larrartek esan zuen pozik daudela «ez bakarrik absoluzioarengatik, epaia adierazi den terminoengatik ere bai». Beretzat «hori izan da sorpresarik handiena».
Imanol Arzuagaren hitzetan, «ez dut uste abokatuak edo Iratxek horrelako epai bat espero zutenik», bere aurreikuspenen arabera arrazoi «tekniko» edo «akats» batengatik absolbituko zutela uste zuen. Dena den, «guk ez genuen behar Auzitegi Nazionalak hori berrestea», zehaztu zuen taldearen izenean, «oso argi genuen torturatua izan zela, baina oso ondo dago aitortza hori eman izana».
Larrartek azaldu zuenez, bide bat baino gehiago zituen absoluziorako, beraz, torturaren argudioari heltzea ere «harrigarria» iruditzen zaio. Hala ere, adierazi du Fernando Andreu izan dela epailea, instrukzioko fasean ere tortura jasan duten auzipetuekin harremana izan duen jujea. «Horren ondorioa ere bada» horrelako epai bat ematea.
Sententzia emanda badago ere, Fiskaltza oraindik helegitea aurkezteko garaiz dagoela ohartarazi zuen abokatuak, baina «gainerako kasuetan ez dauzkagun froga fisiko, psikologiko eta periferikoen» garrantzia nabarmendu zuen.
Sorzabalen amarekin hitz egiteko aukera izan du Arzuagak, eta ama «pozik» agertu da. Iratxe Sorzabalen berri ere izan du lagun baten bidez. Esan duenez, «oso pozik» dago aitortza hori jaso duelako, baina urduri ere bai, hurrengo urratsak zein izango diren jakiteko zain.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
