Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
EL INSTINTO

Isolamenduarenatzaparretan

Ikuslea deseroso sentiarazteko gaitasuna duen proposamena da. Aktore gutxi, lokalizazio bakarra eta polemika eragin dezakeen gaia ditu ardatz. Istorioaren erdigunean Abelen (Javier Pereira) gatazka kokatzen da: agorafobia duen arkitektoa. Bere beldurrak eta fobiak gainditu ezinik, kasualitatez, Jose izeneko txakur hezitzailea ezagutu du. Honek, beldur horiei aurre egiteko helburuz, tratamendu oso «bitxi» bat proposatu dio.

Filmaren muina Fernando Cayo eta Javier Pereira aktoreen lana da; biek lan nabarmena egiten dute, bereziki Pereirak.

Bi pertsonaien arteko garapena ez da oso sinesgarria, baina nahiko ongi funtzionatzen du.

Kameraren, argiaren eta soinuaren erabilera funtsezkoa da protagonistaren egoera mentala transmititzeko. Kamera ia etengabe mugimenduan dago, zenbait irudi desfokuratuta daude eta argiak, batzuetan, planoak “erretzen” ditu; hautu formal interesgarria da.

Kokalekuak istorioan betetzen duen funtzioa ere azpimarratzekoa da; ingurune itxi eta zapaltzaileak pertsonaien tentsio psikologikoa areagotzen du, eta, aldi berean, muga fisiko eta emozionalak nabarmendu. Azken zatian, ordea, indar dramatikoa areagotu egiten den arren, beldurrezko filmetan ehunka aldiz ikusitako kode berberak erabili ditu, betiko topikoetan erori da. Apur bat sotila denak erredundantea izaten amaitzen du, eta aurreikus daitezkeen egoerez josia.

Baliabide mugatuekin tentsioa sortzeko duen gaitasuna txalogarria da, baina kontakizun osoa pasadizozko gertaera bezala sentitzen da.

Kontrolari, osasun mentalari, askatasunari eta gainditze pertsonalari buruzko proposamen interesgarria da, baina gehiegi luzatu den film labur baten arima du.