Estibalitz EZKERRALiteratura kritikaria

Orainaldi jarraia

Apirilaren 30ean Jerusalem okupatuaren inguruan zabaldutako sute handiak itzali ahal izateko nazioarteari laguntza eskatu zion Israelek. Netanyahuk suteak nahita piztu izana leporatu zien palestinarrei, eta Isaac Herzogek, berriz, ukaezina den klima krisiarekin lotu zuen gertaera. Hogeita hamar ordu geroago suteak kontrolpean zituzten giza kalterik eragin izan gabe. Hala ere, hogei kilometro karratutik gora suntsituta geratu ziren, haietatik hamabi kilometro karratu basoak zirela (Zisjordaniako Kanada parkearen %70 barne). Nakbatik hona 240 milioi zuhaitz landatu ditu Israelek okupatzen dituen lurraldeetan. Zuhaitzetatik %90 ez dira tokiko espezieak, pinua eta eukaliptoa esaterako. Ingurumena babestu eta “basamortua berde” bihurtzeko aitzakian, kolonialismo berdea da Israelek zazpi hamarkadetan egin duena. Palestinarrak kanporatu eta beren lurren jabe egiteko erabili ditu basoak, kasu batzuetan zuhaitzak indarrez erauzitako olibondoen tokian eta hainbatetan palestinar herrien aurrien gainean landatuta, azken hori jatorrizko biztanleen itzulera eragozteko asmoz. Ekozidioa ere bada Israelen kolonialismo berdea, erraz erretzen diren espezieak landatu baititu, eta suteen arriskua areagotu egin du eskualdean. Nakba hasi zela 77 urte bete dira aste honetan. Orainaldi jarraituko gertaera da.