Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Eñaut Gaztañaga
Ezpalak taldeko gitarra-jotzailea

«Autoexijentea izatea putada bat da»

Ezpalak taldearen emaria sekulakoa da azken urteotan, 2019an debutatu eta 2024rako laugarren diskoa kaleratu zuten, «Gatza». Soinu propioa garatuta zuten dagoeneko, baina beste buelta bat eman eta esparru berrietan barneratu direla esan daiteke. Aurkezpen bira martxan dutela, Iruña Rocken egingo dute lehen kolpeko azken saioa, maiatzaren 31n.

(Josu TORREALDAY)

 

Gatza garai batean oso aberatsa eta bilatua zen. Gaur egun gatza zauriarekin lotzen dugu gehiago.

Guk gatzaren kontzeptua bizigarri bezala ere hartzen dugu, baina zaurira botatzen baduzu, mina egiten du. Hitz motz bat da, esanahi asko dituena, bakoitzak berera eraman dezakeena. Garbi genuena zen aurreko diskoari izen luzea jarri geniola eta oraingoan hori laburtu beharra zegoela.

Dagoeneko sinisten duzue Ezpalakek soinu propioa duela?

Bai, nik uste dut baietz. Jende askok esaten digu, eta uste dut gitarrak edo Juanjoren [Berasain, abeslaria] ahotsa entzuteak Ezpalakera eramaten zaituela. Noski, guk ere baditugu gure influentziak, detektagarriak agian, baina soinu propio bat bilatu dugu.

«Berandu» kantuarekin hasten da diskoa. Oktabetan jotzen duzue; bada zerbait nostalgikoa.

Uste dut 2000ko urte horietara eramaten zaituela. Baita produkzio aldetik ere, sintetizadoreen erabilera horrekin. Placebo edo horrelako zerbait datorkizu burura.

Esperantzarik bada kantu horretan.

Guk beti, letrak ilunak izan ala ez, argi puntu bat eman nahi izaten diegu, ze gu ere horrelakoak gara: bi alde horietatik dugu eta gustatzen zaigu errepiketan-edo esperantza puntu bat irekitzea.

A zer nolako soloa bukaerakoa. Exijentea.

[Barreak] Bai, bai. Hori ez nekien [zuzenean] nola egin ere, arduratuta nengoen! Solo hori maketan egin nuen whammy batekin, aurrerago beste zerbait egingo nuela pentsatuz, eta azkenean esan nuen: ‘‘Keba, horrela laga behar dugu’’. Ez dakit ze nota diren ere... Badu Rage Against The Machinen ukitu bat.

«Nola ahaztu» izan zen lehen singlea. «Zahartu zaigu barruan den umea, sortu du hutsunea, beti harrokeria ustelaz, gezur eta penaz», diozue. Ez da esaldi makala.

Bai. Letrak esplikatzen ez naiz oso abila, baina nik uste dut sentsazio bat dela: joaten garela betetzen esperientziekin, bizitzako gauzekin, gure gorputza gauzez, mierdez, eta azkenean horrek egiten digu halako barrera bat sortzea, izotz bloke bat, bizitzaren aurreko defentsa bat. Batzuetan hori puskatu egin behar da, baina puskatzea zaila izaten da. Nire buruarekin egindako hausnarketa bat da, momentu horretan horrela irten zitzaidana.

«Apurrak jaten» kantuan jostari zabiltzate. Anaia Handiaz ari zarete. «Eskua luzatzen ikasi eta gero ahaztu», diozue. Zeresan handia ematen duen gauza da, asko hitz egiten delako elkarren zaintzaz eta abarrez, baina kontrakoa ere existitzen da.

Bai, hortik doa. Abestia oso grungeroa da, nirvaneroa; gure kantu kuttunetako bat da. Agian sinplea delako eta uste dugulako zuzenekoetan potentea izango dela. Hor azkenean esaten dugu, ‘uso bat naiz apurrak jaten’.

Handitzen doan kantua da, eta gero leherketak datoz. Hori da zuen beste ezaugarrietako bat: kantu guztiek nonbait lehertu behar dute.

Bai. Eta saiatzen gara bi eratara lehertzen: batzuetan punkagoa da, zikinagoa, eta gero argitasun hori irteten da abesti gehienetan, eta honek ere badu hortik.

Esan daiteke «Erori» kantua dela aurreko diskotik, «Hortz aina hots»-etik, hurbilena soinu aldetik?

Nik uste dut badaudela bi linea bezala Ezpalaken. Bat izango litzateke ‘‘Lalalalala’’ eta rollo hori, ‘‘Banpiroak’’ eta ‘‘Berdin zait’’, linea melodikoago bat, malenkoniatsuagoa agian, eta beste bat poperoagoa, izan daitekeena ‘‘Itzala’’ edo ‘‘Zu izan’’. Bi linea horiek beti irteten zaizkigu, ez gara gu bila joaten, eta uste dut disko honetan irten zaigula guk edan dugun musika hori edo badagoela eduki ditugun beste proiektuen isla. Bi linea horiek sortzen zaizkigu eta ondo funtzionatzen digute biek, bai zuzenekoetan, baita diskoetan ere. Momentuz eroso gaude bi gauza horiek lantzen; ezberdinak dira, baina elkar ongi osatzen dute.

Ez dugu esan lehen, baina «Apurrak jaten»-en ere badago arnasa hartzeko zati hori. Juanjo dezente ari da esploratzen bere kantatzeko modu ezberdinak.

Bai, bai. Bera Ezpalaken sartu zenerako lehen diskoa egina zegoen eta nik uste dut disko ezberdinena dela, kantatzeko eran eta guzti. ‘‘Kolpatu’’-tik aurrera joan da bere lekua bilatu eta eroso sentitzen. Aurreko diskoan, adibidez, pixka bat goian geratu zitzaizkigun abesti batzuk eta gero zuzenekoetan nekatu egiten zen, eta disko honetan saiatu gara pixka bat beherago bilatzen bere lekua. Orain ikusiko dugu nola aguantatzen duen [barreak]. Bera arduratzen da gehien kontu horrekin... autoexijentea izatea putada bat da.

«Dena Okey» kantuan baxuaren zama dago.

Bai, estribilloan hartzen du pisua eta handitu egiten da abestia. Gure kantu guztietan baxua garrantzi handiko instrumentua da eta agian disko honetan entzuten da gutxien, diskotik diskora bestelako elementu batzuk probatzen saiatzen garelako.

Gitarrarekin xehetasunak gehituz zoaz kantu honetan; beti zerbait gehitzen.

Normalean lehenengo ideiak dira ia denak. Ni ezagutzen nauenak, grabatzen-eta, badaki lehen hartualdien zalea naizela; maketetako gauza asko erabiltzen ditut.

Grabatzean bai, baina gero zuzenean dena kontrolatzea, pedal bakoitza noiz zapaldu eta abar gogoratzea…

[Barreak] Nik askotan gehiago entseatu behar izaten dut pedalen kontua, gitarra jotzea baino. Hor badago pedal dantza pixka bat, bai, ze gainera saiatzen naiz diskoan dauden konponketa denak egiten. Ezin ditut denak egin, noski, baina konponketa garrantzitsu guztiak beren soinuarekin egiten saiatzen naiz zuzenekoetan ere, eta pedal asko dago hor, bai. Zorionez, lanketa handia egin dut pedaleran eta konplexutasun horren barruan nahiko ‘‘sinple’’ dut dena, nahiko eroso ibiltzen naiz. Ez naiz asko liatzen, bariante asko badaude ere, kantu bakoitzean ibiltzen joaten naiz.

«Lo nago» kantuak beste energia bat du. Abiadura aldetik, ez dakit horren kanta azkarrik egin duzuen inoiz.

Agian azkarrena da, bai. Ahal genuen zikinen grabatu genuen.

Zikintasuna bilatzea erraza da?

Puntua hartua diogula uste dut: oso zikina izatea baina ondo ulertzea zer ari garen jotzen. Gero, egia da kanta bakoitza ikusi behar dela eta nahasketa ez dela erraza izaten; ahotsa atera, dena ulertzea… Lan zaila da, baina moldatzen gara.

Kantu honen irakurketa ezberdinak egin daitezke: sistemaren aurrean lo dagoen jendeaz ari dela eman lezake edo erlazio toxiko bati buruz.

Gustatu egiten zaigu letrak irekita uztea, norberak bere egin ditzan eta bakoitzari lagun diezaioten bere erara. Bakoitzak eramango ditu bere eremura eta interpretatuko ditu bere erara, eta hori polita da.

Kantuaren bukaera aldera bada zuek ezaugarritzen zaituzten beste elementu bat: pedal berezi bat, octavizer-a, eta nola dagoen ajustatuta.

Guk Grisesen asko erabiltzen genuen, eta nik oso sartua dudan soinua da. Asko erabiltzen dut, igoera horiek egiteko eta.

Diseinuari begira, Julia Urreagaz mintzatu behar dugu. Rural Zombiesen ibilia, Aizarnakoa. Bitxia iruditu zait.

Berak diseinua ikasi zuen eta horretara dedikatzen da. Herbehereetan bizi da egun. ‘‘Nola ahaztu’’ bideoklipa grabatzera joan ginen egunean bururatu zitzaigun ‘‘Gatza’’ izena eta baita Juliari proposatzea diseinua egitea ere. Juliak badu estilo oso berea, soila eta iluna, disko honetarako genuen ideiarekin bat zetorrena, eta berak ere gustura onartu zuen proposamena. Beraz, denak pozik. Beti gustatzen zaigu lagunez inguratzea lan egiteko orduan eta, zorionez, lagun asko ditugu bideoak eta diseinuak egiten dituztenak, eta onak direnak, gainera.

«Ezin ase» kantuko introan bada asko gustatu zaidan sinte bat, oso sotila. Kantuan zaratatxo asko dago. Puzzlea egitea ez zen erraza izango.

Kantu honetan gehien kosta zitzaiguna egitura eta ahotsaren puzzle hori osatzea izan zen. Abestia agian da guri, jotzeko orduan, ezberdinenetakoa egiten zaigunetako bat. Agian badu Smashing [Pumpkins] puntu bat, 2000ko urteetakoa, erabilitako sampler batzuekin, pandereta loop-ak daude… Bi entzunaldi behar dituen abestia da. Niri beti gustatu izan zait kantu bat entzutean bigarren entzunaldian zerbaitetaz jabetzea. Gero eta gutxiago gertatzen zait, orain teknikari entzumenarekin entzuten ditudalako diskoak, baina lehen, musika kontsumitzen nuenean unibertsitate garaian edo, kaskoak jarrita eta dena harrapatu nahian, kristorena izaten zen.

Azken kantuak «Bidegurutzean» izena du. Erreferentziak badituzuela aipatu duzu lehen, eta sarean irakurria dut hemen Idles baino Idles-ago zaudetela. Ados zaude?

Bai, izan daiteke. Idlesen azkeneko diskoan jolastu ziren atmosfera batzuekin eta abiapuntu bezala guk Idles asko entzun dugun talde bat da, baita zuzenean ere. Eragina hor dago, baina beste mila talderena ere bai, 80, 90, 2000, elektronika… Smashing aipatu dugu, Depeche Moderen zalea ez naiz sekula izan, baina halako pasarte batzuk baditugu. Juanjoren ahotsa ere ezberdina da, orain arte egin duena baino orro gehiago egiten baitu… Abesti hau hasieran ez zegoen diskoan. Beranduago etorri zen ideia: grabaketa bukatu genuenean Juanjok bidali zigun maketa bat eta galdetu zigun ea probatuko genuen elektronikarekin. Ondo geratzen bazen diskoan sartuko genuela erabaki genuen, proba egin eta lehenengoan asmatu genuen, baita letrarekin ere. Azkenean, sartzea erabaki genuen, abesti ezberdina zelako eta diskoa ixteko polita.

Zigilu propioa atera duzue disko honetarako: Patana Records; autoediziora pasatu zaretela, alegia.

Probatzeko gogoa genuen, gauzak gure kabuz egitekoa, eta uste dut hau positiboa dela guretzat. Bi bide daudenean zaila izaten da aukeratzea, baina kasu honetan erabakia ez zen zaila izan. Nahiz eta Oso Politako etapan gauza onak egon ziren eta gustura egon ginen; iritsi zitzaigun momentua guk proba egin eta dena ekoiztekoa.