Surflari ernegatua

Groseko Indarra

Behingoagatik surflari izateaz harro sentitu naiz, egiazko elkarteei ahotsa ematen zaienean ongi hitz egiteko eta zentzuzko diskurtso artikulatuak eratzeko, gai direla frogatzen baitute. Zoritxarrez, gutxitan gertatzen da, gehienetan ezjakin politikoek eta enpresa pribatuetako ordezkariek hitz egiten dute surflarien izenean. Eta gero daude hitz egiten ez dutenak, Euskal Herriko Surf Federazioa kasurako.

Groseko Indarra Surf Elkarteak sekulako indarra erakutsi du. Erabaki ausarta hartu zuten, jakinda, surflarien maila politikoa orokorrean hutsaren hurrengoa izanda, batzuentzat zaila izango zela ulertzea Israelgo ordezkaritzari lehiatzen uztea, genozidioa zuritzeko martxan den plan sionistarekin bat egitea dela. Lehenik 20 israeldar ziren, gero hirura jaitsi ziren, haietako gehienek herritartasun bikoitza baitute, eta azkenean, traba guztien gainetik txapelketa egitea erabaki zenean, asma ezazue Israeldarrekin batera nortzuk desagertu ziren. Bai, alemaniarrak.

WSLri dagokionez, sarritan salatu izan dut haren ikuspegi inperialista. ASP izena zuenean ez zuen arazorik izan Apartheid garaian Hegoafrikan txapelketak antolatzeko, Ukraina babestu behar zela adostu zenean, ez zituzten bi ordu behar izan errusiarrei WSLko txapelketetan lehiatzea galarazteko, eta orain sionistekin lerratu dira.

WSLk antolatzen dituen lehen mailako txapelketak berdin hasten dira. Indigenaz mozorrotuta, borondate oneko arloteek erritual bat egiten dute, eta txapelketa bedeinkatuta, surflariak itsasoratzeko itxaronaldi epea irekitzen da. Leku guztietan errepikatzen da, Australiatik Fijira. Haiek akabatu zituztenei errespetu apur bat dietela erakutsi nahi dute, zoologikoko tximinoei bezala, kakahueteak botatzea bakarrik falta zaienean.

Lekuko errealitatea kontuan hartzen dutela diote, baina Donostian frogatu dute, lekukoa gustatzen ez zaienean, erasora jotzen dutela. Lehenik, lehiatzeko ikurrina hautatu zuten lehiakideei bandera espainiarra ezarri zieten. Deigarria zen “Basque Country Junior Pro” izena zuen txapelketan euskaldunik ez egotea, aldi berean Australian sei surflari ikurrinarekin lehiatzen ari zirenean. Gero, Donostiako Udala, elkarteak eta surflariak kriminalizatzen eta iraintzen zituen agiria argitaratu zuten, eta azkenik, txapelketa ezeztatu zuten. Ostean, isiltasuna...

Eta hau guztia gertatzen ari zen bitartean, EHSFk ere ez zuen ezer esan. Mundu guztia surf txapelketa baten inguruan hitz egiten, eta EHSF isilik. WSLko webgunean bezala, EHSFkoan ere ez dago ezer gertatu den aztarrenik. Zer pentsatua ematen du. WSLk Euskal Herria ez ezagutzea ulergarria da, baina agian arazoa bitartekarietan dago, zeren badirudi bertako batzuek ere ez dutela ezagutzen Euskal Herria.