Espetxe politikaren biktimak aitortzeko aldarria, Joxerra Goikoetxearen omenaldian
Egiari Zorrek Joxerra Goikoetxea oroitu zuen atzo Loiun, kartzelan hilik agertu zela 40 urte bete direnean. Estatuek «terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiaz» ezarritako salbuespenezko politikek eragin dituzten heriotzen aitortza ofiziala eskatu zuten. Lau hamarkadatan 36 preso eta 16 senide hil ditu espetxe politikak.
Joxerra Goikoetxea Bilbao preso loiutarra oroitzeko ekitaldia egin zuen atzo Egiari Zorrek, kartzelan hilik agertu zela 40 urte bete direnean. ‘Ekidin zitekeen. Salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak’ lelopean, Goikoetxea oroitu eta kartzela politikaren ondorioek behar duten aitortza ofiziala aldarrikatu zuten ekitaldian.
Alcala-Meco kartzelako dutxetan hilik aurkitu zuten Joxerra Goikoetxea 1985eko ekainaren 21ean. Urkaturik topatu zuten. Loiutarrak 24 urte zituen, eta lau urte preso zeramatzan. «Azken 40 urteetan, demokrazia deritzon garai honetan zehar, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek bizia galdu dute egoera ezberdinetan, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondorioz. Horiez gain, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelatzea saihestu nahian», gogoratu zuen.
Estatuak agindu zituen euskal presoei aplikatu beharreko neurri horiek. Honenbestez, «arduradun zuzenak» daude. Hala ere, «aitortza ofizialerako dugun mekanismoak ez ditu gure senideek jasandako indarkeria instituzionala eta ondoriozko urraketak aintzat hartzen», salatu zuen Egiari Zorrek.
«Guk argi daukagu euskal presoen familiei eta hurbilekoei arrazoi politikoengatik bidegabeko zigor arbitrarioa ezarri zitzaiela, ondorio larriak eragin zituena. Ezinbestez, Aitortzarako Euskal legea giza eskubideen alorreko nazioarteko parametroetara egokitu behar da, biktima bat bera ere bazterrean utz ez dezan», adierazi zuen.
«Ez ikusiarena» egin eta heriotza horiek inoiz gertatu ez balira bezala» jokatzen duten sektoreen aurrean, biktima guztiak aitortzea eta «urraketa guztiek memoria politika publikoetan» behar duten lekua izatea exijitu zuten, «baita Joxerra Goikoetxearen heriotza ere».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
