Arnaitz GORRITI
ORDIZIAKO KLASIKOAREN 102. EDIZIOA

Jan Christenek oinordekoa izango du probako palmaresean

Aurrekontu falta zela-eta bertan behera geratzen zela adierazi zuten antolatzaileek martxo hasieran, baina Rural Kutxaren babesarekin hurrengo lau urteetan jokatzeko bermea lortu zuten.

Jan Christen suitzarra izan zen iazko Ordiziako Klasikoko irabazlea.
Jan Christen suitzarra izan zen iazko Ordiziako Klasikoko irabazlea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ez da gutxi gaur Ordiziako Klasikoaren 102. ekitaldia jokatu ahal izatea eta, ondorioz, Jan Christen iazko irabazleak oinordekoa izatea palmaresean. Ez da gutxi, inondik ere, lasterketaren antolatzaileek martxoaren 5ean aurrekontua osatzeko arazoak zituztela-eta bertan behera geratzen zela adierazi zuten-eta. Estropezuka, baina kinka larri horri buelta ematea lortu zuen hurrengo egunetan antolakuntza komiteak, bereziki Rural Kutxarekin lau urterako babesa lortu ostean.

«Ez dugu lasterketa erortzen utziko -esan zuten-. Etena iragarri bagenuen, eskura genituen bide guztiak agortu genituelako da. Ez genuen probaren aurrekontuari aurre egiteko modurik ikusten, eta ezin genuen eta ez genuen sartu behar urte batetik bestera galerak metatzeko dinamika batean. Erabaki zorrotz bat hartzera behartuta geunden. Dei horrek eta pertsona horrek dena aldatzen du eta uztailaren 25ean egingo dugu proba», azaldu zuen Ketxus Sanz antolatzaileak “Diario Vasco” egunkarian.

Antolakuntza arazoak ulertzeko, ez da ahaztu behar Gipuzkoan lasterketak jokatu ahal izateko arazoa lehenagotik datorrela, eta areagotu egin direla 2023an Tourraren irteerak Euskal Herrian izan ondoren.

Hala, UAE taldeko Jan Christen iazko irabazleak izango du oinordekorik aurten, suitzarrak ez baitu Ordiziako Klasikoan gaur parte hartuko. Orotara 19 talde arituko dira, tartean lau World Tourrekoak -UAE, Movistar, Cofidis eta Astana-, beste zortzi Pro Team talde, tartean Burgos-BH, Caja Rural, Euskaltel Euskadi eta Kern Pharma, eta osterantzean, beste zazpi talde kontinental kategoriakoak.

Aintzat hartzeko modukoa da Ordiziako lasterketak bere palmaresean maila itzeleko izenak biltzen dituela. Azken urteetan Gorka Izagirre (2010, 2012, 2014) eta Simon Yates (2022) nagusitu dira. Aurretiko ekitaldietan, berriz, Alejandro Valverde (2003), Laurent Jalabert (1999), Abraham Olano (1992), Marino Lejarreta (1981, 1988, 1989) eta Txomin Perurena (1971, 1972) txirrindulari garrantzitsuak daude, besteak beste.

HAUTAGAI GARBI BAT, ETA BESTEAK

Garaipenerako hautagai bat baino gehiago egonagatik, UAE taldeko Isaac Del Toro mexikar gaztea argitzen dute pronostiko guztiek. Giroa irabaztear izan zen joan den maiatzean eta, horrez gain, Austriako Itzulia eta Milano-Torino lasterketak irabazi ditu, besteak beste.

Isaac Del Toroz gain, Education First taldeko Simon Carr, 2020an Ordizian garaile izan zena, ere hautagaien artean sartu behar da, besterik ezean palmaresean lekua eginda duelako. Ez bera bakarrik; Jon Barrenetxea -Movistar-, Diego Ulissi -Astana-, Antonio Morgado -UAE-, Jesus Herrada -Cofidis- edota Christian Scaroni -Astana- ere Ordiziako helmugan garaile izateko borrokan egon beharko luketen hautagaiak dira.

Ordiziako Klasikoaren antolakuntzak jakinarazi du aurtengo edizioan ibilbidean aldaketa bat egin dutela. Bost itzuliak berdinak izango dira, Abaltzisketako igoera tradizionalarekin, baina jaitsieraren erdian, Zaldibiarako bidean, Gaintzara igoko dira txirrindulariak itzuli guztietan. Ez dute Altzo igoko. Tartean %19ko aldapatzarrak ditu Gaintzak eta ibilbideko 167 kilometroak luze eta gogorrak egingo zaizkie txirrindulariei azkenerako.

Gogoan izan behar da 1922an jaio zela Ordiziako Klasikoa, Euskal Herrian martxan jarri zen lehena eta mundu mailan antolaturikoen artean bigarrena, Flandriako Tourraren atzetik. Ordura arte, Tourraren bisitek soilik ekartzen zuten hain goi mailako txirrindularitza euskal errepideetara. Mende luze honetan, 1936 eta 1937an baino ez da bertan behera geratu lasterketa, gerraren erruz.