GARA
DONOSTIA

Karabelak agertzen direnerako protokoloa ezarri du Donostiako Udalak

Kontxako hondartzan hartutako karabelak.
Kontxako hondartzan hartutako karabelak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Uztailean Donostiako hondartzetan hainbat karabela portuges atzeman ondotik, Udalak protokolo espezifiko berria jarri du martxan, halako gehiago agertzen direnerako. Horren arabera, bainatzea debekatuko da 20 zentimetroko hamabost karabela baino gehiago ikusten badira edota ziztada eragin duen alea erretiratzea lortzen ez denean.

Protokoloak neurri zehatzak ezartzen ditu aleen tamainaren, kopuruaren eta erregistratutako ziztaden larritasunaren arabera. Donostiako Udalak atzo jakinarazi zuenez, 2-10 zentimetro arteko aleak agertzen direnean, hondartzako sorosleek kudeatuko dute egoera, eta, besteak beste, neurri hauek hartuko dituzte: bandera horia eta marmoken logotipoa ezartzea, kontuz bainatzeko gomendioa ematea eta hondartzaren egoera etengabe ebaluatzea.

«Horrelako marmokek ziztada arinak eragin ohi dituzte, eta, beraz, pertsona bakoitzaren esku dago bainatu ala ez erabakitzea, bere sentikortasuna kontuan hartuta», gaineratu zuten udal ordezkariek.

Hogei zentimetroko karabelak agertuz gero, aldiz, protokoloak kasu ezberdinak aurreikusten ditu, zenbat ale begiztatu diren aintzat hartuta. Hamabost ale baino gutxiago agertzen badira, sorosleak bandera horia ezarriko du, kontuz handiz bainatzeko aukera egongo da eta megafoniatik horren berri emango da. Haatik, hamabost ale baino gehiago agertuz gero, bandera gorria ezarriko du eta uretara sartzea debekatuko da.

Ziztada bat jazo ondoren, protokoloak dio marmoka erretiratu beharra dagoela. Uretatik kanporatuz gero, bandera horia ezarri eta bainatzea baimenduko da, kontu handia izanda betiere. Alabaina, ziztada bat izan denean eta hori eragin duen alea erretiratzen ez denean, bandera gorria jarri eta bainatzea debekatuko da.

Horiek hala, Udalak jakinarazi zuenez, etengabeko jarraipena egingo da, bi ordutik behin (edo gutxiago, egoerak eskatzen badu), seinaleztapena aldatu behar den ikusteko.