GARA
DONOSTIA

Izaki Gardenak, Olatz Salvador, Merina Gris, J Martina, Dupla... Donostian Aste Nagusian

Badator Donostiako Aste Nagusia. Bihartik hilaren 16ra bitartean ekitaldi ugari hartuko ditu hiriak. Zuzeneko musika emanaldiak izango dira oraingoan ere egitarauaren ardatzetako bat. Batetik, portuan eta Trinitate plazan Donostiako Piraten eskaintzaz gozatu ahal izango da eta, bestetik, Saguesen, Udalak antolatutako saioez.

Lehendik ere Flamenkan izandako Izaki Gardenak-ek igandean joko du.
Lehendik ere Flamenkan izandako Izaki Gardenak-ek igandean joko du. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hamasei kontzertuz osatutako egitaraua prestatu dute aurten piratek. Zortzi egunez, Flamenka, kaia eta Trinitate plazako guneen artean banatuko da festa. Giro autogestionatuan eta hiri osora zabalik, «jai herrikoi, euskaldun eta kolaboratzaile» baten aldeko aldarria egingo dute.

Abordatzeak bereganatu ohi du ikusmin handiena, baina egitaraua harago doa. Kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, kalejira, bertso saio eta herri bazkariekin batera, kontzertuak izango dira.

«Korrontearen kontra bogan, hamaika besoren indarrez prestatu dugu 2025eko Aste Nagusi Pirata. Urtero egin ohi dugun bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanez, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dugu. Auzolanari tiraka, jai herrikoi eta parte-hartzaile hau gorpuzten dugun kofradiakideek, txalekorik gabeko eskifaia zein komunitatea osatzen duten gainerako boluntarioek. Herri bizirik gabeko hiri eri honetan, badugulako nori kantatu», adierazi dute piratek.

Bihar Orekka taldearen erromeria izango da, aurtengo kontzertu sortari hasiera emanez. Igandean, berriz, Izaki Gardenak taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuak izango dira.

Astelehenean, abuztuaren 11n, La Txama, Goxua’n Salsa eta Hofek emango dute ikuskizuna Flamenka gunean.

Egitarauan aurrera eginez, hilaren 12an, Labar eta Eusko Princess igoko dira Flamenkako agertokira. Abuztuaren 13an Bengo eta Merina Grisen txanda izango da eta 14an Añube arituko da.

Abuztuaren 15ean Sukena eta Marta Lasarte igoko dira eszenatokira. Indabe eta Lukiek ere bertan izango dira.

Aste Nagusian zehar beste hainbat proiekturi ere egingo diote lekua Donostiako Piratek. Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera izango dira Trinitate plazan.

Publiko gazteagoari zuzendutako eskaintzaz gain, izango da beste musika emanaldirik hirian zehar, Easo plazan eta Bulebarreko kioskoan, hain zuzen ere. Folkloreak ere izango du lekurik egitarauan dantza taldeen eskutik.

SAGUESEN

Udalak, bestetik, «musika estilo ezberdinez, eta bertako zein arrakasta handiak ekarriko dituzten beste hainbat artistaz» osatutako egitaraua ondu du. Sagues izango da kokagunea. Abuztuaren 9tik 16ra bitartean kontzertu bat izango da egunero, 23.45etik aurrera.

Morodo (bihar), Vicco (igandea), OBK (astelehena), J Martina eta Dupla (abuztuak 12), Sexy Zebras (abuztuak 13), Janus Lester eta lagunak (abuztuak 14), Marlon (abuztuak 15) eta Leire Martinez (abuztuak 16) taldeekin dute zaleek hitzordua aurtengo Aste Nagusian.

Ruben David Morodo Ruizek, Morodo izen artistikoaz ezagunagoak, gaztetatik hip- hop kultura eta musika jamaikarra landu ditu, bereziki gaztelaniaz egindakoa, 80ko hamarkadaren hasieran Panaman sortu zena, zehazkiago Colon hirian.

Vicco abeslari eta konpositore katalanak 2024ko maiatzean bere lehen estudioko albuma atera zuen, “Noctalgia”, hamaika abestiz osatutako lana.

OBK Estatu espainoleko pop elektronikoaren aitzindarietakoa da. 1991n jaio ziren “Llámalo sueño” diskoarekin; 400.000 kopia saldu zituen.

J Martina Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javier Jorajuriak osatutako talde nafar-bizkaitarra da. Pop elektronikoan mugitzen dira, horretarako modu pertsonal bat bilatuz eta estilo desberdinetako erreferentziak ere integratuz. Gaur egungo soinuen bilaketa eta arte-diziplina aniztasuna agerikoak dira beren proposamenean. 2021ean lehen albuma, “Jaio naiz baina”, argitaratu ostean, 2024ko apirilean bigarrena kaleratu zuten, “Negu gorri”.

Dupla Agurainen jaiotako musika talde urbanoa Beñat Oribe eta Gari Uriartek osatzen dute. «Euskal Herriko musikaren panoraman indar sortzaile izugarriarekin azaleratu da. Bere lehen albumean, ‘Nahieran’-ekin, pop, elektronika, rap eta euskal folklorearen nahasketa paregabearekin moldeak apurtzea lortu zuten. Bere bigarren albumak, ‘De un pueblo llamado Agurain’ izenekoak, bere baliabide musikalak are gehiago zabaltzen ditu, soinu berriak esploratuz. Euskarazko eta gaztelaniazko letrekin, ohiko etiketei aurre egin eta musika aniztasuna ospatzen duen soinua lortu dute», esan dute antolatzaileek.

Janus Lesterren disko berria da “Lore”. «Espero zen bigarren lan diskografikoa, sakontasuna eta heldutasuna adierazten duten bederatzi kanturekin. Moldaketetan aberatsa den diskoa da, erreferentzia anglosaxoi argiak ditu, eta Munford & Sons edo Stromae bezalako taldeak hurbiltzen ditu, nortasun izpirik galdu gabe», nabarmendu dute antolatzaileek.

EUSKAL ESZENAN HAZTEN

Urte eta erdiko biran, “Ez gaitzala loak harrapatu” (2022ko abendua) lehen diskoarekin debuta egin zuenetik, euskal eszenaren lehen mailan finkatu arte haztea lortu du. 100 kontzertu eman ditu Euskal Herrian, Izaro eta Idoia artistekin kolaboratu du eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin abestu du. «Eta, batez ere, euskal panoramako ahots indartsu eta berezienetako bat izan den tokian harrapatu du», diote.

«Zaila da hain zuzeneko indartsu eta dibertigarria duen banda bat aurkitzea», diote sustatzaileek Sexy Zebras bandaz. «Izan ere, zerbaitek handi egin baditu, beren ikuskizunetako energia leherkor eta gainezkakoa izan da. Bere aurreko albumak, ‘Calle Liberación’-ek, ehunka mila entzuketa ditu plataforma digitaletan eta herrialdeko irrati alternatibo guztietan. Ez da harritzekoa Metallicako bateria-jotzaileak haiek entzuteko gomendatzea», nabarmendu dute.

Asturiasko Marlon taldea da aurtengo beste gonbidatuetako bat. «Bere abestien arrakasta ez da kontzertuetan bakarrik ikusten; azken urteetan jasotako sariekin ere ikusten da». 2023an “Que se caiga el cielo” disko berriaren aurkezpenarekin amaitu zuten bira, eta 2024a urte bizia izan zen, 50 kontzertu baino gehiagorekin herrialdeko jaialdi nagusiak zeharkatuz.

Leire Martinez errenteriarra La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari gisa egindako ibilbide arrakastatsuagatik da ezaguna. Taldekide gisa izan duen bidea amaituta, bakarkako bideari ekin dio. «Bere ahots paregabearekin eta publikoarekin konektatzeko duen talentuarekin, bere bakarkako ibilbideak emozioz, sormenez eta proposamen berriez betetako etapa berri bat izango dela agintzen du. Kapitulu berri honetan, bere bilakaera artistikoa eta abeslari eta konpositore gisa hazten jarraitzeko nahia islatuko dira, bere esentzia eta jarraitzaileekiko hurbiltasuna», azaldu dute Aste Nagusia ate joka dagoenean.