Arnaitz GORRITI
PILOTA

Pozarren Peio Etxeberria, txapela buruan duela eta «zama kenduta»

Gorraitzen kazetari eta argazkilarien aurrera azaldu zen zenoztarra, Lau eta Erdiko finaleko garaipena «elegante» ospatu eta gero. Galduriko beste bi finalak gogoan eta aita zenari garaipena eskainiz ere, lasai irribarre egiteko eguna zuen atzokoa.

Txapela buruan, pozarren eta irribarretsu, Peio Etxeberria atzo Gorraitzen.
Txapela buruan, pozarren eta irribarretsu, Peio Etxeberria atzo Gorraitzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Gorraitzen izan zuen atzo hitzordua Peio Etxeberriak gutxitan bezalako astelehen batean, igandean Miribillan Lau eta Erdiko txapela eskuratu ondoren. Argazkilarien aurrean, txapela buruan eta garaikurra eskuan, kazetariekin ere beste egun batzuetako tentsiorik erakutsi gabe, lasai asko egoteko eguna izan zuen pilotari zenoztarrak.

Aurreko bi urteetan astelehena gogorra egingo zitzaion aurrelari nafarrari, kaiolako finalera iritsi baina podiumeko mailarik altuenera igo ezinik geratu ostean; aurten ez, bere zorionerako. Igandean, finalean Javi Zabalari 22-11 irabazi eta gero, falta zitzaion eskailera maila hori igo ahal izan zuen eta bere kirol bizitzako bigarren txapel nagusia eskuratu zuen. 2024ko Binakako txapela ere ondo gordea du -2021ean buruz burukoan irabazi zuen Promozio torneoko txapela ahaztu gabe-.

Gaur ere protagonisten artean egongo da Peio Etxeberria, Binakako txapelketaren aurkezpenean, Aspe enpresak Jokin Altuna, Aitor Elordi eta Javi Zabalarekin batera hautatu baitu nafarra aurreko koadroetan aritzeko. Baina iritsiko da Binakakoari buruz mintzatzeko sasoia, atzo Peio Etxeberriak nahikoa denbora eta tarte izan baitzuen bere txapelaz gozatzeko. «Elegante ospatu dugu», adierazi zuen zenoztarrak, irribarretsu.

«Oso garrantzitsua zen denbora guztian partidan sartuta egotea. Javik -Zabalak- ikaragarrizko ahala dauka eta edozein momentutan atera zezakeen, ni partidatik ateratzeraino. Baina, tira, denbora guztian zentratuta izan nintzen eta horregatik lortu nuen garaipena, nik uste», azaldu zien Lau eta Erdiko txapeldun berriak kazetariei.

Zentraturik egoteaz gain, txapelketa osoan eta, noski, finalean, ezker eskuaz emandako erakustaldiek ere eman dute zeresanik atzo baino lehenagotik ere. «Ondo maneiatu dut ezkerra, bai, eta bistakoa da hormara ezkerrez pilota sartzen nionean min handia ematen nuela», gaineratu zuen Peio Etxeberriak berak finalari buruz, beste egun batzuetako gorde nahia unetxo batez albora lagata.

ORAIN BAI FABORITO!

Formula magikorik ez dago, jakina, baina aurreko bi urteetan Altunaren eta Lasoren aurka galdutako finalek bidea nolabait erakutsi diotela dirudi Peio Etxeberriari. Txapeldunak berak ere hala onartu zuen, bide batez faborito izatearen «zama kenduta» azkenean garaipena lortu ondoren.

«Finala jokatu aurretik kazetariek irabazteko faboritoa ni nintzela esaten zenidaten, baina orain esan dezaket banaizela faboritoa. Lehenengo finalean ez nuen batere gozatu eta bigarrenean, berriz, opari batzuk egin nituelako galdu nuen, finalaz gozatu banuen ere. Orain bai kendu dudala zama handi bat gainetik eta orain bai bete dudala ametsa!», onartu zuen azkenean Peio Etxeberriak, azken bi asteetan eraman behar izan duen kontzentratu mozorroari erortzen utzita.

Azkenik, hamabost urte zituela hil zitzaion aitari eskaintzeko baliatu zuen txapela Etxeberriak. «Emozio handiz ikusten genituen biok finalak. Ziur nago inor baino zoriontsuago izango litzatekeela ni final batean txapela irabazten ikusita», esan zuen, emozioz gainezka hainbeste urteren ondotik ere, Lau eta Erdiko txapeldun berriak, garaipen honetaz gehien gozatzeko asti labur bezain gustagarri horretan.

Eta hemendik aurrera, zer? Hemendik aurrera, «eguneroko lana» da Etxeberriaren iritziz bere arreta zentratu behar duena. «Ez naiz txapelketa batekin edo bestearekin obsesionatzen. Benetan garrantzia duena eguneroko lanean aritzea da. Hor zentratu behar da, eta bidean beste sari edo txapelen bat badatorkigu, hortxe egongo gara, horretaz ere gozatzeko gertu», amaitu zuen.