Esperantza eta beldurrak, Ipar Euskal Herriko begietatik
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan mobilizazio jendetsu asko egin ziren Francisco Franco hil aitzineko urteetan eta hilabeteetan. Eta diktadorea hil zen egunean, gaur duela 50 urte, ospakizunak ez ziren eskas izan. Izan ere, abiapuntu berria marka zezakeen heriotza hark aro nahasi bati hasiera eman zion.

Carlos Arias Navarro gobernuburu espainolari egokitu zitzaion historian aztarna utzi duen iragarpena egitea: goizeko 10ak ziren aurpegi etzanarekin Francoren heriotzaren berri eman zuenean telebistako kameren aitzinean.
Baina, berez, oren batzuk lehenago gertaturiko heriotza egunsentian barreiatu zuen lau haizeetara Europa Press agentziak, Arias Navarrok ondorengo orenetan ahoskatuko zuen esaldi labur bera hiru aldiz errepikatuta. 4.58ak ziren. «Franco ha muerto, Franco ha muerto, Franco ha muerto» («Franco hil da, Franco hil da, Franco hil da», euskaraz) irakur daiteke duela 50 urte plazaratu zuen teletipoan.
Albisteak ez zuen nehor ezustean harrapatu, diktadorea agonia luze baten ondoren hil baitzen. Are, frankismoaren segida kolokan ikusten zutenez, bere heriotza ahal eta gehien gibelatzen saiatu ziren bere hurbilekoak. Nola biziarazi frankismoa behin Franco hilda? Hori zuten galdera, jakinik europar mendebaldean gertaturiko hainbat mugimenduk jadaneko frankismoa anakroniko bilakatu zutela.
EUFORIA
Ipar Euskal Herrian hainbatek behar zen bezala ospatu zuten heriotza; bereziki, Baionako alde zaharrean. Han, 36ko Gerraren ondotik heldutakoei ETAren sorrera gehituz, bigarren belaunaldiko euskal iheslari politiko asko ziren. Ipar Euskal Herrira bizimodu bat ekarri zuten eta haien jarduerak eragin handia izan zuen lehen urratsak egiten ari zen tokiko militanteen belaunaldi berri oso batengan.
«Halako euforia giroa atzematen zen. Iheslari eta bertako jende anitz zegoen karriketan, frankismoaren aurkako hainbat jatorritako militanteak, uneaz gozatzen», kontatu dio Mediabask hedabideari garaian “Sud Ouest” kazetarentzat lan egin zuen Daniel Velez argazkilariak. Baiona Ttipiko karrikak zeharkatu zituen argazki makina soinean zeramala azaroaren 20 hartan. Gernika ostatuaren kanpoaldean sua piztu eta bi koloreko bandera monarkiko espainola erre zuten.
Segidan, «baten batek» aurreskua dantzatu zuen emozioa goratuz. Argazkilariak unea betikotu zuen, eta dantzariak, 50 urte igarota ere, gogoan du. Bordelen ikasle zen orduan, eta etxeratu ordez, Baionan gelditu zen gertakizunaren ospatzen. «Denbora luzea generaman horren zain, Francoren heriotza amaigabe horri beha. Besta handia izan zen, baina guztiz espontaneoa. Ostatuz ostatu itzulia egin genuen, musikarekin. Suari dagokionez, oso alde sinbolikoa izan zuela erranen nuke: kea zeriola, frankismoa erretzen ari zela idurikatzen zuen. Esperantza hats bat bazen», azaldu du ondoko urteetan erretreta hartu arte Irulegiko Irratiko kazetari lanetan ibili zen Jojo Bidartek.
«Bi urte aitzinago ETAk Madrilen Carrero Blanco almirantearen aurka eginiko atentatuak kolpe latza eman zion Francoren erregimenari», gogoratu du Mathieu Elgoyhenek. Historia eta geografia irakaslea 2015ean Elkar argitaletxearekin plazaraturiko “Franco et le Pays Basque” liburuaren egilea da. «Carrero Blanco zen frankismoaren adarrak biltzeko gai zen bakarretakoa. Atentatua kolpe erabakigarria izan zen. Erregimena hiltzera kondenatuta zegoen. Franco zaharra zen, eri zen, eta pixkanaka funtzio batzuk utzi behar izan zituen», gaineratu du, frankismoari segida emateko egitasmoan pitzadura sortu zuen ekintza armatuaren ondorioetan sakonduz.
Frankismoak hainbat etapa ukan zituen. Gerraren osteko bi hamarkada bortitzak nolabait gaindituta, ekonomiaren alorrean, baita nazioarteko eremuan ere, irekidura bati ekin zion erregimenak. Alta, 1970ean nazioarteko mobilizazio handi batek Burgosko prozesua deiturikoan heriotzara kondenatu zituzten sei euskal militanteren burua salbatu izanak, diktadorea itzaltzear zelarik, frankismoaren eliteen posizioak aski gogortzea eragin zuen, Elgoyhenen aburuz. «Burgosko auziarekin ohartu ziren lasta askatu zutela, baina hura garaipen politiko bat bilakatu zela ETArentzat, erregimenaren ahulezia moduko bat erakusten zuelako».
Franco hil baino hiru hilabete lehenago, epaiketa berriak heldu ziren. Burgosen, Bartzelonan eta Madrilen, ETAko eta FRAPeko militanteen aurkako auziak hasi ziren. Atzerrian mobilizazioak berpiztu ziren... baita Ipar Euskal Herrian ere. «Ez dezagun ahantz 1970ean Donibane Lohizunen, ezkerreko gotorleku izatetik urrun zen hiri batean, milaka manifestarik mobilizatzera jo zutela Burgosko prozesuaren aurka, edo beste 10.000 ere karrikara atera zirela Baionan, 1970eko abenduaren 29an», historialariak agerian utzi duenez.
HILTZEN HIL
1975eko udazkenean, Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi euskal militanteekin batera Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz FRAPeko kideak hiltzeko erabakiak ordura arte ikusi ez ziren mobilizazio erraldoiak ekarri zituen.
Odola isurtzen hil zen Francoren osteko agertokia zalantzaz eta beldurrez bete zen. Bere ordez estatuburu bilakatu zen Borboiko Juan Carlos I.a erregeak «mugimendu nazionalaren zutabeak» zin egin zituen. Hori gutxi balitz, bortizkeria izugarria lehertu zen berehala, trantsizio demokratikoaren ertzak oraindik ere hertsiagoak bilakatuz.
1975ean iheslariak jomugan jarri zituzten atentatu paramilitar espainiarrak hasi ziren. Lehena apirilaren 6an iragan zen, Hendaiako Mugalde liburu denda suntsitu zuena. Hurrengo hilabeteetan izua sorrarazi zuen kate luze baten lehen abisua izan zen hura. Guerrilleros de Cristo Rey, AAA, BVE... Kalte materialak sortzeko eginiko erasoetatik militanteak hiltzera iragan ziren erakunde paramilitarrok. «Espainiako Estatuaren erantzukizuna gerora frogatuko zen eta gaur egun jakin badakigu Carrero Blancoren aurkako atentatua ordainarazteko borondate argia egon zela», azpimarratu du Elgoyhenek.
Jazarriak ziren euskal errefuxiatuen egoera are kalteberagoa bilakatu zen. Bi estatuen artean harreman ekonomikoak berrabiatu ondotik, euskal iheslarien aurkako hainbat neurri hartu zituzten frantziar agintariek.
«Zaila zen benetan egoeraren bilakaera zein izanen zen jakitea», borobildu du Elgoyhenek. Euskal Herriari buruzko beste hainbeste konturekin bezala, ez dirudi deus aitzinetik idatzia zenik 1975eko azaroaren 20ko gau hartan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
