GARA
FUTBOLA

Jon Ansotegi: «Realak gora egitea jokalarien esku dago»

«Naturaltasunez» hartu du Berriatuko entrenatzaileak bere egoera berria, eta, horregatik, Eldenseren aurkako dema eta larunbatean Levanteren aurka jokatu beharrekoa baino ez ditu aintzat, jakinda behin-behinean baino ez dagoela aulkian.

Jon Ansotegi, bere aurkezpeneko prentsaurrekoan.
Jon Ansotegi, bere aurkezpeneko prentsaurrekoan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ez da Jon Ansotegi Lea-Artibaiko bizkaiera ederrean berba egiten duen aurreneko Realeko entrenatzailea, eta ia esan gabe doa behin-behineko konponbidea baizik ez dela Berriatuko mutila Realaren aulkiko buruzagitzan. Hala, Pellegrino Matarazzo estatubatuarraren izena indarra hartzen ari da; halere, Sergio Francisco kargutik kendu ostean Realeko hurrengo entrenatzailea bat izan edo bestea izan, bien bitarteko lanak Jon Ansotegi Sanseko entrenatzaileak hartuko ditu bere gain; hau da, Eldenseren aurkako Kopako kanporaketa eta Levanteren aurkako liga txapelketako neurketa zuzentzea. Eta gero gerokoak.

Horrekin lotuta, «naturaltasuna» izan zen Ansotegik bere aurkezpen prentsaurrekoan azpimarratu zuen kontzeptuetako bat. «Besarkada bat bidali nahi nieke Sergio Francisco eta Iosuri [Rivas, entrenatzaile laguntzaileari]. Haiengandik asko ikasi dut eta hemendik aurrera ere onena opa nahi diet», esan zuen galderei erantzun aurretik.

Eta aurreneko erantzunean, gakoa. «Realak gora egitea beraien esku dagoela esan diet jokalariei», azpimarratu zuen Ansotegik, jakinda bere ibilbidea behin-behinekoa baino ez dela izango baina jokalariek, gehienek behinik behin, bertan jarraituko dutela, espero baino gehiago katramilatu den egungo kirol egoerari buelta emateko.

«Nire lana normal egiten saiatu naiz. Egia da igande goizetik hona ordu gutxi pasa direla eta ni neu ez naizela erabat jabetzen kontuak nola diren. Ez diot buruari buelta askorik eman, baina hemendik ordu gutxira partida bat jokatu beharrak beste gauza guztiak burutik kentzeko balio du eta partida horretan fokua jartzen laguntzen du», gaineratu zuen.

EGOKITZAPEN «ERRAZA»

Talde berrira egokitzea «erraza» izan dela aitortu zuen; «azken batean jokalari asko lehenagotik ezagutzen ditut, denbora asko eman baitut beraiekin. Nire lehenengo mezua protagonistak beraiek direla zehaztea izan da; Realak gora egitea beraien esku dagoela. Horretarako, beren alde onena atera beharko dute eta, orduan, beren errendimendurik onena ateratzea izango da gakoa gorantz joaten hasteko».

Ansotegik badu nahikoa lan azken asteetan berriz ere hondoratzen joan den taldea altxatzen. Hori horrela, zehaztasuna eta urrutira ez begiratzea dira entrenatzaile bizkaitarraren kezka nagusiak. «Badago klubean jendea urrunera begirako lana dagokiona eta guri orain datorrenaren horretan zentratzea dagokigu», azaldu zuen bere etorkizunari buruz galdetu ziotenean. «Realaren mezua oso garbia izan da. Larunbatera arte izango naiz entrenatzaile», errepikatu zuen, zoli, bere jokalariei begirako lana zein izango den zehaztu aurretik.

«Bi egunetan ezin da askorik egin. Zeintzuk diren indartu beharreko bizpahiru kontuak aztertu eta horietan indarra egitea dagokit», azpimarratu zuen. «Emaitzak txarrak direnean, konfiantza ere ez da onenean egoten. Bakoitzak bere maila eta bertsiorik onena berreskuratzea eta horretarako konfiantza berreskuratu dezatela bilatu behar da. Aurreneko entrenamendutik hasita», gaineratu zuen Ansotegik.



Gaur, Kopa: Eldense-Reala eta Eibar-Elx

Realak entrenatzaile berria ofizial egiten duen bitartean, taldeak Kopako kanporaketa du gaur gauean Eldenseren zelaian (21.00). Partida horri begira, Ruperez, Oskarsson, Yangel Herrera eta Barrenetxea ez dira deialdian sartu. Sadiq, berriz, abduktoreetan arazoak dituela-eta, ez zen igandean entrenatu eta zalantza izan bazen ere, azkenean Jon Ansotegik kanpo utzi zuen. Oyarzabal bai sartu dela deialdian, nahiz eta ziur aski ez duen jokatuko. Nolanahi ere, bigarren taldeko Lander Astiazaran eta Arkaitz Mariezkurrena jokalariak ere deitu ditu entrenamenduetarako eta Eldenseren aurkako partidarako.

Eibarren txanda ere izango da gaur, Ipuruan, Lehen Mailako Elxen aurka (19.00). Armaginen helburu nagusia Ligako sailkapeneko jaitsiera postuetatik irtetea izanda, baliteke Beñat San Jose entrenatzaileak minutu gutxien dituzten jokalariak erabiltzea. Hala ere, etxean jokatuta eta hirugarren kanporaketara iritsita -Naxara eta Pontevedra kanporatu ditu-, ez dute aukera alferrik galtzen utzi nahiko. GARA