GARA
DONOSTIA

Elkartasun feminista epaitzen ari direla salatu dute Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketaren lehen egunean

Auzipetuek babesa jaso zuten.
Auzipetuek babesa jaso zuten. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa hasi zen atzo Donostiako epaitegian; gizonezko baten integritate moralaren aurkako delitua leporatu diete. Auzipetuetako bat sala- keta jarri zuen gizonaren bikotekide ohia da, eta gainerakoak, denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan emakume hori babestu duten bizilagunak; tartean, Zestoako egungo alkatea, Mikel Arregi.

Akusazio partikularrak zein Fiskaltzak lau eta bost urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte. Zehazki, bost urtekoa bikotekide ohiarentzat eta Mikel Arregirentzat, eta lau urtekoa, gainerako laurentzat. Horrez gain, 30.000 euroko zigor ekonomikoa eta urruntze agindua eskatzen dute guztientzat. 40.000 euroko fidantzak jarri behar izan dituzte, Fiskaltzak eskatuta.

«PROZESU BIDEGABEA»

Epaitegiaren atarian jende andana bildu zen auzipetuei elkartasuna adierazteko, “Elkartasuna ez da delitua, zuekin gaude” lelopean, eta Zestoako Mugimendu Feministak «elkartasun feminista» epaitzen ari direla salatu zuen, 2018an abiatu zen «prozesu latz eta bidegabe batean». Igandean ere mobilizazio jendetsua egin zuten Zestoan, auzipetuei babesa adierazteko. NAIZ Irratiari eginiko adierazpenetan, Marga Izagirrek, Mugimendu Feministaren izenean, adierazi zuen egoera «larria» zela eta «emakumea babestea beharrezkoa» zela. «Zortzi urte hauetan oso gogorra izan da prozesua. Espetxe zigorraren mamua, batetik, 40.000 euroko fidantzak, bestetik. Erasotzailea babestu du sistema judizialaren izaera heteropatriarkalak», deitoratu zuen. Bere esanetan, epaiketaren emaitza «zigorra bada, elkartasun feminista kriminalizatuko da, eta emakume bat babesten baduzu zure burua ere arriskuan jartzen duzula izango da mezua».

Atzo, salaketa jarri duen gizonezkoak hartu zuen hitza, eta bere aurkako «akusazio faltsuak» egin zirela esan zuen. Gaur auzipetuen txanda izango da. Epaiketak bihar arte irautea aurreikusten da.